Ilusioa

Antonio Campos 2018ko urt. 29a, 11:06

Zahartzaroa beti lotu izan dugu heriotzarekin nahiz dependentziarekin, eta ondorioz, gure bizitzako azken etapa gisa definitzen dugu. Baina, nire ustetan bada oraindik ere azken etapa horri etekina ateratzeko makina arrazoi.

Zahartzaroa beti lotu izan dugu heriotzarekin nahiz dependentziarekin, eta ondorioz, gure bizitzako azken etapa gisa definitzen dugu. Baina, nire ustetan bada oraindik ere azken etapa horri etekina ateratzeko makina arrazoi; horietako bat ilusioa da. Hirugarren adinekook pertsona mendeko eta zahar gisa ulertzeak ordea, ez du askorik laguntzen ilusioa mantentzerako orduan eta horregatik diot, bizi osoan beharrezkoa den ilusio horri eusten jarraitu behar dugula gure bizitzetako azken etapan.

Bizitzan hiru etapa nagusi bereiz ditzakegula esan genezake:

Lehenengoak haur eta gazteak hartzen ditu bere baitan; gutxi gora behera, 18-20 urte arteko jendea. Formazioaren etapa moduan definituko nuke nik, azken finean, urte horietan guztietan pertsona bizitzarako behar dituen gaitasun guztietan hezten baita; bai gorputz, baita arima ere.

Bigarrena, zalantzarik gabe bizitzako etaparik luze eta eraginkorrena, 20-65 urte arteko pertsonek osatzen dute eta bertan, bizitzaren kudeaketa gertatzen da. Izerdia botaz, makina erabaki hartzeko ausardiaren beharra etortzen zaigu eta modu horretan, egunerokotasuna bizitzen dugula esan genezake.

Bukatzeko, azken etapa daukagu: zahartzaroa. Bizitzaz gozatzeko etapa beharko luke izan. Ordura arte aktibo pasatutako urteetan lortutako guztia nahiz botatako izerdi guztiez gozatzeko aukera izan beharko genuke. Bizitza honetako egin behar guztiak ia eginda bizi egin beharko genuke; bizitzaz gozatu. Heriotza, bera bakarrik gerturatuko da gugana, gu haren zain inon eta inola egon gabe.

Ondorioz, hirugarren etapa hori duina eta esanguratsua izan dadin, inguru horretan lanean gabiltzanok, gure zeregin guztiak azken paragrafo horretan esandako bizitza gozatzeko helburuan zentratu beharko genituzke eta horren baitan eraldatu ingurua eta baita pertsonak ere.

Gainera, hirugarren etapako jendeak ere ekarpen ugari egin ditzake gizartera: gero eta pertsona prestatuagoak daudenez zahartzaroan, horiek guztiak beren denboraren zati bat gizarteari eskaintzea lortuko bagenu, gizarteak eskertuko luke eta baita ahalegin hori egiten duenak ere, azken finean, ba al dago besteengatik eta besteentzat zerbait egiteak baino zoriontasun handiagoa transmititzen digun zerbait?

Zoriona ezin da lortu ezer egin gabe; hori ere aurkitzen jakin behar da. Heriotzarekin ez bezala, zoriona bilatu egin behar da esfortzuz, nahigabearekin, sufrimenduz…

Presta dezagun gure gizartea zahartzaroan bizitzaz gozatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!