Euskaraldia

Herritar ugari bildu zen Euskaraldia ekimenaren aurkezpenean

Karkara 2018ko ots. 5a, 11:16

KARKARAk eta Orioko Udalak deituta, bilera irekia egin zen Arraunetxen larunbat goizean, hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea helburu duen egitasmoa aurkezteko.

Laurogei lagun inguru bildu ziren larunbatean Arraunetxen, Euskaraldia ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko. Goizeko hamaika t`erdiak pasatxo zirenean, Aitziber Campos zinegotziak bi hitz egin zizkien bertaratutakoei, egitasmoak Orioko Udalaren babesa duela adierazteko.

Jarraian, KARKARAko Rikardo Uzkudunek hartu zuen hitza. Euskara biziberritzeko bidean, epe laburrean etor daitekeen fase aldaketa posible bati egin zion erreferentzia: duela 50 urte euskararen ezagutzaren alde egin zen apustu, ikastetxeak euskaldunduz, euskaltegiak irekiaz... Azken kale inkesten arabera, euskararen erabilerak ez du hobera egin; Orio ez da salbuespena. Euskararen erabilera indartzen hasteko fase berriaren abiapuntuan koka daiteke Euskaraldia.

Andoni Egañak "geolinguistika" faktoreak aipatuz hasi zuen hogei minutu inguruko hitzaldi ederra. Euskara zabaltzeaz gain, degradatu egin dela ere adierazi zuen zarauztarrak: esan indarra galdu du. Euskaraldian herri eragile eta erakundeen elkarlana usaintzen duela eta, ekimena pozgarria dela adierazi zuen bertsolariak.

Euskaltzaleen Topaguneko Arrate Illarok itxi zuen aurkezpena, Euskaraldiaren inguruko informazio zehatzagoa eskainiz; besteak beste, egitasmoaren hiru helburu orokor hauek aipatu zituen:

- Hizkuntza inertziak apurtzea. Euskararen aldeko jarrera sinbolikotik, urrats praktikoetara igarotzea.

- Pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzea, egunerokoan eraginez.

- Tokian tokiko euskaltzaleen sareak berraktibatzea eta indartzea.

11 eguneko erronka

Euskaraldiak erronka zehatza planteatu die herritarrei: 11 egun euskaraz. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ahalik eta gehien erabiltzeko saiakera egingo dute herritar askok Euskal Herri osoan. Erronka, informazio eta motibazio kanpaina handi batekin lotuta joango da.

Larunbatean bertaratutakoei izen emate fitxa bana banatu zitzaien, nahi dutenek, Euskaraldia dinamizatuko duen talde eragilea osatzen has daitezen. Interesa duen gainontzeko herritar orori ere, laster erraztuko zaio izen ematea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!