Udalak azalpenak eman ditu Karkara aldizkariko iragarki baten harira

Karkara 2018ko ots. 6a, 16:08

‘Orion bizi nahi?’ izenburupean kaleratu zen iragarkia, Karkara aldizkariko azken zenbakian. Interesa izan dezaketen herritarrekin kontaktua egitea zen iragarkiaren helburua.

Urtarrilaren 26ko Karkara aldizkariaren azken aurreko orrialdean iragarki bat kaleratu zuten, kooperatiba erregimenean egingo liratekeen etxebizitza batzuen inguruan. Etxebizitzen inguruko xehetasunak ageri ziren bertan, baita eskuratu ahal izateko baldintzak ere. Besteak beste, etxebizitzen ezaugarriak eta prezioak ere zehaztuta zeramatzan iragarkiak.

Iragarkiaren harira, oharra kaleratu zuen egun gutxira Orioko Udalak. Informazioa «guztiz okerra» dela zioen, eta «inolako konpromisorik ez hartzeko» gomendatzen zien herritarrei. Horretaz gain, iragarkiaren bultzatzailearekin harremanetan jarri direla esan dute; «informazioa zabaltzeari utz diezaion». Munto eremuan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko asmoa du udalak bere eskumenekoa den orubean, baina proiektuaren garapena «azterketa fasean» dagoela argitu dute.  Azterketa fasea amaitzen denean,udalak dagozkion deialdi publikoak egingo dituztela gaineratu dute.

Etxebizitza eskuragarri

Orion Bizi kooperatiba Orioko bizilagunek sortutako taldea da, etxebizitzak prezio eskuragarri batean erostea helburu duena. Javier Quintanilla taldeko kidearen hitzetan, etxebizitza horietan interesa izan dezaketen herritarrekin kontaktua egitea izan da iragarkiaren helburua.

Duela bi urtetik ari da batzen taldea, eta «behar» bati erantzuteko sortu zutela dio Quintanillak. Lehenengo hilabeteeko zeregina informazioa biltzea eta kooperatiben funtzionamenduaren inguruan ikastea izan zen. «Ondoren ikusi genuen proiektua benetan egingarria dela. Milaka etxebizitza egin dira kooperatiba erregimenean, bai gure eskualdean, eta baita Gipuzkoan eta Bizkaian. Guk ez dugu ezer asmatu». Horretaz gain, kooperatibentzat etxebizitzak eraikitzen dituzten enpresak badirela gaineratu du. «Egitura industrial bat badago behar hauei erantzuteko».  

Alabaina, iragarkian ageri den informazioa eta Orioko Udalaren oharra bateragarriak iruditzen zaizkio: «Egia da udalarena dela orubea, eta egia da guk ezin dugula eraiki. Baina abiapuntuan aurkitzen gara oraindik».  EH Bildurekin eta EAJrekin bilerak izan dituztela dio Quintanillak, proiektuaren gaineko xehetasunak eman eta gure asmoak azaltzeko. Bere hitzetan, Hirigintza batzordean proiektua aurkezteko eskaera ofiziala egina dute; baina ez dute erantzunik jaso. 

Iragarkiari argitaratu aurretik zinegotziak jakinaren gainean zeudela ohartarazi du Quintanillak. «Ofizialki ez dute proiektua ezagutzen, baina ez gaituztelako bilerarako deitu. Proiektu honetan interesa duen herritarrekin antolatzen ari gara orain».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!