Marije Azkue: "Eskoletan lekua egin behar diegu irakasle gazteei"

IƱigo Gaiton 2018ko ots. 7a, 15:33

Zaragueta Herri Eskolak Marije Azkue irakaslea omendu zuen igandean, kross txikia hasi baino minutu batzuk lehenago. Hogeita hamar urtetik gora eman ditu hezitzaile lanetan, eta kurtso amaieran hartuko du erretiroa.

Ezustean harrapatu al zintuen igandeko omenaldiak?

Bai bai, guztiz! Kross txikia hasteko gutxi falta zela, azken prestaketekin genbiltzan lanean. Hamabiak hurreratu zirenean, frontoira gerturatzeko esan zidaten. Zerbaitetan laguntzeko deitu zidatelakoan hurbildu nintzen, eta inondik inora, ez nuen espero jarraian jaso nuen omenaldia.

Emozioak dantzan jarriko zitzaizkizun kolpetik.

Egia esan, paxata geratu nintzen, zer egin edo esan ez nekiela. Bertsoak kantatu zizkidaten bozgorailutik, irrintzi eta guzti. Gero, semeak lore sorta entregatu zidan. Ederra izan zen.

Noiz jubilatuko zara?

Maiatzean beteko ditut hirurogei urte, eta ikasturtea amaitutakoan hartuko dut erretiroa. Zorteduna naiz, gaur egun ez baita erreza nire edadearekin jubilatzea.

Eta? Erretiroa hartzeko gogoz?

Bai, odol gazteari lekua egin behar diogu eskoletan.

Umeek, pazientzia urratzeaz gain, asko emango zizuten urte guzti hauetan.

Bizitasuna, freskotasuna... Asko jasotzen da, bai. Nire eguneroko lanean gozatzeko zortea izan dut.

Non eman zenituen lehen eskolak?

Aiako Santio auzoan. Garai hartan eskola zuten bertan. Gero Bidebietan, Usurbilen eta Getarian. Iturzeta eskola garrantzitsua izan da niretzat. Hogei urtetik gora eman nituen getariarren artean, oso gustura. Hemendik, besarkada bana bidali nahi diet nirekin lanean jardun diren irakasle guztiei; guraso eta ikasleei ere bai, noski.

Sare publikoan jardun zara lanean, beti euskaraz.

Hori da.

Urte guzti hauetan, irakasleon eguneroko lana aldatu al da?

Gizartea eraldatzen joan den heinean, eskoletan lan egiteko modua ere aldatu da. Ni hasi nintzenean, lan gehiago egiten zen behetik gora. Hezkuntza sistema berreraikitze prozesuan zegoen, irakasleok sortzen genituen gauza asko. Orain, lege eta burokrazia kontuekin, ezberdina da lan egiteko modua, muga gehiago daude.

Odol berria aipatu duzu lehen. Ze aholku emango zenioke irakasle gazte bai?

Umeak ondo ulertzen saiatzea ezinbestekoa da; hitzez esaten dutenaz gain, barruan gordetakoa ikertzen saiatzea. Ikaslea osotasunean ulertu behar du irakasle on batek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!