Orion ostegunetik aurrera beharko da organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko txartela

Karkara 2018ko ots. 13a, 14:39

 Otsailaren 1ean hasi ziren Aian hondakinak biltzeko sistema berriarekin, eta gainontzeko lau udalerrietan (Orion, Zarautzen, Zumaian eta Getarian) otsailaren 15ean abian jarriko zutela iragarri zuten. Orain, zehaztapen gehiago eman dituzte daten inguruan, eta  jakinarazi dute herriz herri zein egunetatik aurrera beharko den txartela errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekitzeko: Orion, etzi; Getarian, ostirala; Zarautzen, otsailaren 19a eta 20a; eta Zumaian, otsailaren 21a.

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteko ingurumen hezitzaileak lanean ari dira egunotan, errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartel bidez ireki ahal izateko. Ontzi arinen, beiraren eta paperaren edukiontziak orain arte bezala jarraituko dutela gogorarazi dute. Bestetik, herritarrak hondakin sistema berrira ahalik eta azkarren egokitzeko helburuarekin, zenbait argibide eman dituzte Udal Elkartetik. Alde batetik, etxean hondakinak ondo bereizteko eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea «ezinbestekoa» dela ohartarazi dute, hondakin horiek birziklatu ahal izateko. Hondakin organikoen kasuan, edukiontzira poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan botatzea garrantzizkotzat jo dute.  

Zalantzak eta argibideak
Hondakin sistema berriak sor ditzaken zalantza edota kezkak argitzeko hainbat baliabide jarri ditu martxan UKUEk. Informazio eta arreta zerbitzuak martxan daude bost udalerrietan astelehenetik ostiralera, eta martxoaren 2ra arte iraungo dute.

Horrez gain, Udal Elkarteko webgunean, urolakosta.eus helbidean, hondakinak sailkatzeko hiztegia dago ikusgai. Hondakin jakin bat nora bota zalantza sortzen denean, bilaketa zehatzak ere egin daitezke; hondakinen bilatzaileari esker.  Bestalde, hondakin sistema berriaren funtzionamenduaren inguruko bideoa zintzilikatu dute UKUEren webgunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroan martxan jarritako InguruApp doako aplikazioa deskargatu daiteke gailu eramangarrietan, Play Storeren eta App Storeren bitartez. Hondakinak egoki sailkatzeko tresna bat da aldundiak garatutakoa, eta hondakin mota bakoitza sailkatzeko zalantza sortzen denean, aplikazio horretan kontsulta dezakete.

Sistema berriaren inguruko informazioa jasotzen ari dira egunotan kale hezitzaileak. Herrietan finkatutako arreta eta informazio zerbitzuetan sortzen diren galderak erantzun eta zalantzak argitzen ari dira egunotan. Edukiontzien inguruan ere zuzeneko jarraipena egingo dute, herritarrei laguntzeko helburuarekin. Enpresa, komertzio eta ostalarien kasuan, aldiz, sistemara egokitzen laguntzen ari direla argitu du Igor Iturain UKUEko lehendakariak.
Ezarpen faseak "uste baino gehiago" iraungo duela argitu du Iturainek. Txartel banaketa ongi egin dutela uste du lehendakariak, eta txartelarekin batera, sistema berriaren inguruko informazioa jasotzen duen eskuorriak ere banatu dituztela gogorarazi die herritarrei. Ezarpen fase honetan herritarren joerak aztertzen ari dira, sistema berria  egokitu ahal izateko. Alabaina, ondorio batzuk atera dituzte dagoeneko. Alde batetik, edukiontzi grisaren inguruko "ezjakintasuna" dagoela uste dute. Edukiontzi batzuen kokapena "deserosoa" gerta daitekeela ere ohartu dira, hondakinak botatzerako orduan. Bestetik, hondakin organikoak ohiko zabor poltsetan botatzea "gabezi handienetakoa" dela ondorioztatu dute.

Industriaguneen eta komertzioen kasuan, ordutegiak egonkortzen eta maiztasunak zehazten  ari direla azaldu du Iturainek.

Etxeko hondakin handiak
Zerbitzu berriarekin batera, astean behin jasoko dituzte herri bakoitzean etxeko hondakin handiak. Edukiontzien eremuetan utzi behar direla azaldu dute Udal Elkartetik, 20:00etatik 22:00etara. Aian, igandetan jasoko dituzte; Getarian, astelehenetan; Orion, asteartetan; Zarautzen, asteazkenetan; eta Zumaian, ostegunetan.

Etxetresna elektrikoak eta altzariak hondakin handi gisa hartzen direla argitu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!