Xaltxa Badago jaialdia antolatu du talde feministak larunbaterako

Karkara 2018ko ots. 21a, 15:56
Xaltxerek antolatutako eztabaida bat, iaz Kultur etxean. (Argazkia: Xaltxerak talde feminista)

Orioko Xaltxerak talde feministak antolatu du jaialdia, bigarren urtez. Arratsaldean emango diote hasiera egitarauari, ‘Gorputzon hausnarketa kolektiboa’ tailerrarekin.

Xaltxerak talde feminista eta feminismoa bera herrian ikusarazteko asmoz antolatu dute Xaltxa Badago 2018 jaialdia. Eider Goiburu Xaltxerak talde feministako kidearen hitzetan, emakumeek "hartzen ez dituzten espazioak hartzea" ere bada jaialdiaren helburua: Eszenatokia eta gaztetxea gure egingo ditugu. Bide batez, kultura feministari ahotsa eman nahi diogu jaialdiaren bitartez, dio Goiburuk.

Jai giroa eta plazerra uztartuko dituzte jaialdian, baina "eduki politikoak lantzeko" baliatuko dute hitzordua: Hausnarketarako espazio txiki bat egotea nahi genuen. Aniztasun sexuala eta sexualitatea lantzea da gure ardatzetako bat, eta iaz egin genuen lehenengo sarrera. Aurten, gure gorputzen hausnarketa kolektibo bat egin nahi dugu.  Norbere gorputzekiko eta genitalekiko dituzten jarrerak izango dituzte aztergai. "Aludun gorputzentzako" tailerra izango da larunbatekoa, eta tailerraren ikuspegia "feminista eta transfeminista" dela zehaztu dute antolatzaileek.  Kontutan izanik aludun gorputzek era batera funtzionatzen dutela eta gizarte matxista batean honen inguruko hausnarketa egitea zaila dela, estrategikoa eta politikoa iruditzen zaigu kolektiboki gai hau lantzea. Arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira Kosta Tailerrean.

19:30ean poteoa irtengo da bertatik, herri mailan jaialdiari oihartzuna emateko eta ikusgarritasuna emateko asmoz. Etxeluze gaztetxera joango dira ondoren, eta bertan afalduko dute. Bi emakumezko kantautorek girotuko dute gaua Etxeluzen: Birkit eta La Jartautorak joko dute eta, festa amaitzeko, Dr Myrnak musika dantzagarria jarriko du.

Duela hamaika urte sortu zen talde feminista. Berdintasunaren gaia herrira ekarri eta hausnarketa bultzatzeko saiakera egin zen, dio Goiburuk. Gerora "beherakada" izan zuen eta geldi egon zen, baina duela bizpahiru urte jarri zuten berriz martxan: Lehenengo urte haietan talde feministan ibili ziren emakume batzuk eta gaian interesa genuenak bildu ginen berriz.

Berdintasunaren gaia mahai gainean jarri eta eragile ezberdinekin lanketak egin dituzte ordutik. Besteak beste, indarkeria matxistaren prebentzioa, aniztazun sexuala, homofobia eta transfobia landu dituzte ordutik.  

Adin ezberdinetako kideak elkartzen dira taldean. Azken finean bakoitzaren inplikazioa bakoitzaren egoera pertsonalaren araberakoa da, baina anitza da taldea. Feminismoak emakumezko eta gizonezko guztiei eragiten digu. Alabaina, emakumezkoen taldea da Xaltxerak, eta garrantzizkotzat jotzen dute espazio ez-mistoak izatea: Espazio seguruak behar ditugu, emakume bezala gure borrokak aurrera eraman ahal izateko. Hala ere, pertsona eta eragile ezberdinekin elkarlanean aritzen gara. 

Gai ezberdinen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko baliatzen dute taldea, baina hausnarketa horiek herritarrekin elkarbanatzen jartzen dituzte indarrak. Kanpora begira, ekimen andana antolatzen dituzte urtero: Tailerrak, hitzaldiak, jaialdiak, zineforumak... Gure helburua espazio seguru eta erosoa izatea da, baina baita herri mailan eraldaketa bat ematea ere. Horretarako ezinbestekoa da gure lanketak partekatzea.

Martxoaren 8a

Mugimendu feministak deitutako grebari atxikimendua eman diete, eta ‘Xaltxa Badago’ jaialdia amaitu bezain laster helduko diete xaltxerek kanpainari.

Bezperan, martxoaren 7an, Emakumeak eta itsasoa. Arrantzale komunitateak genero ikuspegitik hitzaldia izango da. Herri arrantzalea izanik, gizonezkoen lanari ikusgarritasuna eman zaiola ikusi dugu. Itsasora joan ahal izateko emakumezkoen egitura oso bat dago lurrean, sistema hori sustengatzen duena, irizten du Goiburuk. Duela bi urte hasi ziren saregileekin gaia lantzen, eta herri mailan balorea emateko antolatu dute hitzaldia.

Martxoaren 8an, aldiz, grebaren inguruko informazioa herritarrei helarazten jarriko dituzte indarrak. Arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, eta gauean, emakumeen afaria egiteko elkartuko dira Etxeluze gaztetxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!