Skasti taldeak kontzertua eskainiko du Etxeluzen larunbatean

Karkara 2018ko ots. 28a, 13:27

Zarauzko taldeak YE diska argitaratu zuen urtarrilean, eta aurkezpen birako kontzertuetako bat izango da Etxeluze Gaztetxekoa. Nothing Box donostiarrak ere igoko dira oholtzara.

Larunbatean, Skasti taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Etxeluze Gaztetxean. Musikari zarauztarrak gazteak dira, baina dagoeneko hamar urte daramatzate zuzenekoak eskaintzen. Orain artean, taldearen diskografian ska doinuak izan dira nagusi, baina urtarrilean argitaratutako YE lanak, beste estilo batzuk jorratzen ditu; funkia, rock alternatiboa edo indie-a, kasu.

Taldekideen hitzetan, hamahiru abestiz osaturiko disko berria taldearen izenaren eta izanaren arteko talkatik sortu da. Azaldu dutenez, taldeak bilakaera nabarmena izan arren, jatorrizko izaera mantentzen du: egia da Skasti taldeak, berez, ez duela gure oraingo izaera azaltzen, baina oso harro gaude garenaz. Horregatik, beren doinuek berritasunak izan arren, taldearen izena mantentzea erabaki dute.

Etxeluze Gaztetxeko kontzertuan, Nothing Box talde donostiarraren hardcore-pop doinuez gozatzeko aukera ere izango da. Saioa 22:30etan hasiko da, eta sarrerak Kalakari, Eguzki (Zarautz) eta Gaba (Zarautz) tabernetan eskura daitezke bost euroren truke. Kontzertua hasi aurretik ere erosi ahalko dira, gaztetxean bertan.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!