Martxoak 8

Emakumeen afaria eta kontzentrazioa egingo dituzte Xaltxerek martxoaren 8an

Karkara 2018ko mar. 2a, 12:00

Herriko emakumeak greba egitera animatzen dituzte Xaltxerek eta, horrez gain, afaria prestatzeko gizonezko boluntario bila dabiltza.

Orioko Xaltxerek ere planto egingo dute martxoaren 8an, mundu mailan deitu den eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak babestu duen grebarekin bat egitera animatzen dituzte herriko emakumeak. Lan, zaintza eta kontsumo grebara deitzen dituzte Orioko emakume anitzak eta, emakumeen nazioarteko egunean planto egitera animatzen dituzte.

Urtero bezala, elkarretaratzea eta emakumeen afaria antolatu dituzte martxoaren 8rako. 19:00etan elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, Emakumeok* planto! lelopean eta, ondoren, 20:00ak aldera, emakumeen afaria egingo dute Balea elkartean.

Horrez gain, osteguna izanik, mahai informatiboa jarriko dute azokan, grebaren inguruko informazioa zabaltzeko.

Gizonezkoak afaria prestatzeko

Lan eta kontsumo grebarekin bat eginez, emakumeen afarirako deialdia egin dute, gizonezkoek afaria presta dezaten:

Gizonezkoa zara eta martxoaren 8ko grebarekin bat egin nahi duzu? Hona hemen Xaltxeren proposamena: gizonezko boluntario bila gabiltza emakumeen afaria prestatzeko; horrela guk, emakumeok, greba egin eta mobilizazioetan parte hartuko dugu. Lan egiteko prest zaude? Jarri gurekin harremaneta oriofeminista@gmail.com helbidean, gure facebookean edo taldeko kide batekin kontaktatuz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!