Katarainek eta Azkorbebeitiak irabazi dute Orioko Mendi Lasterketa

Karkara 2018ko mar. 4a, 18:26

Joakin Illarramendi zena izan dute gogoan probaren hasieran, eta 1 zenbakidun dortsala eskaini diote haren familiari oroigarri gisa

241 lagunek osatu dute gaur goizean Orioko 8. Mendi Lasterketa, eta 22 kilomentroko ibilbide malkartsua egin eta helmuga zeharkatzen lehenak Beñat Katarain zegamarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra izan dira. Biak ala biek nagusitasunez irabazi baldin badute ere, gizonezkoetan aldeak txikiagoak izan dira: Katarainek 01:50:10ko denbora behar izan du, eta haren atzetik, Imanol Larrañaga azkoitiarra heldu da bigarren postuan, 50 segundora; Iñaki Olano altzoarra sailkatu da hirugarren tokian, minutu batera. Lehen oriotarra Ibai Makazaga izan da, bosgarren izan dena, 01:54:01koarekin.

Emakumezkoetan, aldiz, alde nabarmenarekin izan da garaile Azkorbebeitia. Bere denbora 02:07:41koa izan da, eta bigarren sailkatuari, Vanessa Pelaez andoaindarrari, hamar minutu atera dizkio. Nerea Amilibia aiarra izan da hirugarren; irabazlearengandik 17 minutura zeharkatu du helmuga. Oriotarren artean, Sonia Alonso izan da lehena, 03:00:09koarekin.

Urtero bezala, Orioko Herri Ikastolak antolatu du mendi lasterketa, eta, aurten, probaren hasieran Joakin Illarramendi zena oroitu dute. Boluntario gisa eginiko lan eskerga aitortuz, 1 zenbakidun dortsala haren omenez gorde dute, eta haren familiari eskaini diote, aurreskua eskaini ondoren. 

 

Argazkiak eta bideoa: Aritz Mutiozabal –Urola Kostako Hitza–

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!