Saioa Perona: “Ustekabea izan da infografia Column Fiveren zerrendan sartzea"

Iñigo Gaiton 2018ko mar. 6a, 17:37

Idatziz elkarrizketatu dugu Saioa Perona. Urtarriletik Irlandan da diseinatzaile oriotarra, eta e-postaz erantzun dizkigu galderak.

Nolatan Irlandan?
Urtarrilean etorri nintzen, diseinatzaile ibilbidean eten txiki bat egin eta ingelesa ikastera. Bestalde, Irlanda betidanik ezagutu nahi izan dudan herrialdea da, eta horrelako abenturatxo batean ere probatu nahi nuen nire burua. Ekaina bitartean egongo naiz hemen.

Non zaude ostatu hartuta?
Cork-en, Irlandako bigarren hiririk handienean. Tamainaz, Donostia bezalakoxea dela esango nuke, edozein txokotara hurbildu naiteke oinez. Ondo hartu naute bertakoek, adeitsuak eta umoretsuak dira irlandarrak.

Otsaila hasieran, Column Fivek 2017ko lan onenen zerrendan sartu zuen zure infografia bat.
Column Five agentzia estatubatuarrak eginiko zerrendaren arabera, 2017ko infografia onenen artean dago nire lana. Agentzia honek sailkapena egiteko bilaketa independentea egin du interneten; alegia, nik ez nien nire lanen berri eman, eurek aurkitu dute. Beraz, oso gustura hartu dudan sorpresa izan da.

Norentzat egin zenuen lana?
Iaz Bartzelonako BAU diseinu unibertsitatean burutu nuen Infografía y Visualización de Datos masterrean eginiko lan bat izan da hautatua. Masterrean lan pila egin behar izan genuen, eta haietako bat aukeratu izana, eginiko lanaren errekonozimendua da. Infografia maila onekoa dela aitortzen dizu erakunde batek. Ez da gutxi.

Column Five agentziak prestigio handia al du?
Diseinu munduan bai, Google, Microsoft, Visa edo Spotify bezalako bezeroekin egiten dute lan.

Zein dira infografia on batek izan beharreko ezaugarri nagusiak?
Infografia, informazioa irudi eta testu bidez modu grafiko batean adieraztea da. Infografia on batek gai bati buruz zergatik?, non?, nola?, noiz? eta horrelako oinarrizko galderak garbi erantzun behar ditu. Ezaugarri garrantzitsuenetakoa lehen begiratuan interesa piztu behar duela da, horren arabera murgilduko baita irakurlea infografiaren bigarren mailako xehetasunetan.

Lan nekeza izan al zen infografia garatzea? Alegia, ordu asko sartu al zenituen?
Horrelako infografia oso bat egiteak lan eta ordu asko eskatzen ditu. Lehenik, informazioa bilatu behar da iturri fidagarrietatik, eta behin bildutakoan, informazioa sintetizatu behar da eta punturik garrantzitsuenak aukeratu. Hau egindakoan, lehen zirriborroak egiten hasten zara paperean, honela, konposiziorik egokiena lortzean, ordenagailuarekin hasten zara lana gauzatzen. Eta azken bertsiora iristea kostatzen da, beti ikusten baita fintzeko zerbait.


Aukeratutako infografiak beganismoa eta elikadura osasungarria ditu ardatz. Zein du komunikazio helburu nagusia?
Plano nagusian, elikadura begano osasuntsua jarraitzeko jarraibideak ematen dira; bigarrenean, begano izateko arrazoiak aipatzen dira etikan, ingurumenean eta osasunean oinarrituta; azken atal batean, beganismoari buruz jende ezagunak eginiko aipu batzuk daude, hala nola, Pitagorasenak edo Anna Sewell-enak.

Zu beganoa al zara?
Bai, arrazoi etikoengatik. Askori beganismoa dieta soila dela iruditzen zaie, baina hortik harago,animaliekiko dugun jarrera axolagabearen aurrean hartzen den jarrera politikoa da. Begano batek, animalia guztientzat bizitza duina nahi du. 

(...)
Gaur egun, munduko txoko honetan behintzat, bizirauteko ez dugu animalien beharrik. Alegia, komunitate zientifikoan jakina da, batetik, animalia ez-gizakiek gure antzera sentitzeko gaitasuna dutela, eta bestetik, osasun betean egoteko ez dugula animalia jatorriko produkturik jan beharrik. Beraz, euren bizi-nahia errespetatzea minimoa iruditzen zait.

Eta erraza al da eguneroko martxan dieta hori eramatea?
Bai. Sukaldean ez dit lan askorik ematen. Osagaiak edozein supermerkatuetan aurki daitezke: barazkiak, fruta, lekaleak, fruitu lehorrak...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!