Eskolarteko XXXI. Ibilaldi Neurtua egingo dute igande honetan

Karkara 2018ko mar. 9a, 10:28
Joan den urtean Zarautzen egin zuten eskolarteko ibilaldi neurtua, eta hainbat neska-mutiko bildu ziren. (Argazkia: Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatu dute, Talai Mendi elkartearen laguntzarekin. Eskualdeko eskoletako haur andanak hartuko du parte

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta  Gipuzkoako Mendizale Federazioak Talai Mendi elkartearekin elkarlanean antolatuta, Eskolarteko XXI. Ibilaldi neurtua egingo dute igandean, Orion.

Ikastola aurretik abiatuko da, 08:30ak eta 09:00ak bitartean, eta ibilbide motza edo luzea egin ahal izango dute parte hartzaileek. Bi ordu eta erdiko denbora izango dute haurrek 8 kilometroko ibilbide motza egiteko, eta hiru ordu eta erdian iritsi beharko dute helmugara 10 kilometroko ibilbide luzea hautatzen dutenek. Nolanahi ere, lasterketetan ez bezala, partaideek erregulartasuna lortu beharko dute, eta ez bizkortasuna.

Neska-mutikoen artean mendizaletasuna sustatu nahi dute ibilaldiaren bitartez. Parte hartu nahi duten umeek izen ematea beren ikastolaren edota eskolaren bitartez egin behar dutela esan dute antolatzaileek, eskola kirolaren barruan; taldeak gutxienez hiru haurrez osatuta egon beharko dute, eta gehienez ere bost haurrez. Alabaina, familia giroan ere parte hartu daitekeela esan dute, eta nahi duenari egunean bertan ikastolako pergolara bertaratzeko dei egin diete Talai Mendi elkarteko kideek. Ibiltariek beren parte hartzea baieztatu beharko dute harrera mahaietan, eta ondoren hasiko dute ibilbidea.

Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan ere izango dira eskolartekoen ibilaldi neurtuak igande berean;  Oiartzunen, Donostian, Aretxabaletan eta Seguran, hain zuzen ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!