karkara.eus

Orion erroldatutako 121 herritar daude alokairuzko etxebizitza lortzeko izena emanda

  gizartea  Orio

Otsailaren 21ean egindako udalbatzarrean Alokairuzko etxebizitzak, gazteei lehentasuna emanez mozioa onartu zen. Orion, erroldatutako 121 herritarrez gain, erroldatu gabeko beste 73 ere badaude alokairuzko etxebizitza lortzeko premian.

Otsailaren 21ean egindako udalbatzarrean Alokairuzko etxebizitzak, gazteei lehentasuna emanez mozioa onartu zen aldeko zazpi boto (EH Bildu, Orain, PSE-EE) eta bost abstentziorekin (EAJ).

Lau puntu zituen mozioak:

1.- Eusko Jaurlaritzari eskatzea babeseko etxebizitzak egitea Orion, alokairuzko erregimenean eta gazteei lehentasuna emanez horiek eskuratzeko. Helburu hori lortzeko, udalak behar diren bilera eta gestioak egingo ditu 2018ko lehen seihilabetekoan.

2.- Eusko Jaurlaritzari doan lagatzea Muntoko udal partzela, bertan babeseko etxebizitzak egin ditzan alokairuzko erregimenean eta gazteei lehentasuna emanez horiek eskuratzeko.

3.- Orioko Udalak aurreko puntuan aipatzen den lagapena gauzatzeko behar diren txosten eta azterketak egingo ditu.

4.- Orioko Udalak behar diren gestio guztiak egingo ditu akordio hau gauzatzeko, eta erabaki honen berri emango dio Eusko Jaurlaritzari.

EAJ taldeak azaldu zuenez, abstentzioaren arrazoi nagusia Orion alokairuzko etxebizitzen beharra zehazki zenbatekoa den ez jakitea izan zen.
Eusko Jaurlaritzak  otsailaren 28an emandako datuen arabera, Etxebizitza sailean Orion erroldatutako 121 herritar daude alokairuzko pisua lortzeko izena emanda. Erroldatu gabeak beste 73 dira; alegia, guztira 194 biztanlekoa da kopurua. Azpiko taulak informazio hori modu xehatuagoan jasotzen du.

Muntoko partzelako proiektuak aurrera jarraituz gero, bertan alokairu sozialerako 48 etxebizitzatik gora egiteko aukera egongo litzateke.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa