"Errealitate zehatzei heldu diegunean, erantzuna lortu da"

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 15a, 10:16
Eider Goiburu eta Maddi Altuna.

Astebete pasa da Martxoaren 8tik. Eskualdeko kaleak aldarriz gainezka egin zuten, eta arrakasta hura eta etorkizuneko erronkak izan dituzte hizpide Orioko eta Zumaiako bizilagunek.

lusionatuta daude Maddi Altuna –Zumaia, 1992– eta Eider Goiburu –Orio, 1982– Martxoaren 8ak eskualdean jaso duen erantzunarekin. Era berean, erantzukizuna sentitzen dute, ikusi dutelako herritarrek behar dutela gaia landu, eta bere egin dutelako mugimendu feministaren aldarria. Erronka handi baten aurrean daudela sentitzen dute. 

Martxoaren 8ko greba egunaz balorazio ofizialik ez du egin oraindik mugimendu feministak. Zuek zeuek nola baloratzen duzue?

Eider Goiburu: Badago inpresio orokor bat; gu shock egoeran gaude oraindik arrakastagatik. Super brutala izan da mugimendua, super brutala izan da erantzuna. Atera diren emakumeetan sekulako aniztasuna egon da, bai ideologia politikoaren aldetik, bai klase aldetik, bai egoera pertsonal aldetik. Guk espero ez genuen aniztasuna egon da.

Maddi Altuna: Agian, aniztasun hori egon da greba bera planteatu den moduagatik. Emakume desberdin pila bati eskaini dio plantoa bere egunerokoan txertatzeko modua.

E.G.: Emakumeen gehiengoa identifikatuta sentitu da, eta horregatik atera dira kalera.

Helburua ez zen greba bera.

E.G.: Helburua izan da grebaren aurreko prozesua: lanketa, hausnarketa, etxeko nahiz kaleko botere harremanak ezbaian jartzea... Greba ondorioa izan da.

Arrakasta ez zenuten espero.

M.A.: Urola Kostan elkartzen hasi ginenean, ez ginen oso kontziente geneukan indarraz. Baina ikusi da apustu on bat izan dela herrika antolatzearena. Euskal Herrian, hiriburuetako manifestazio denak oso potenteak izan dira, baina herri pila batean ere jende mordoa atera da kalera, eta uste dut hori ere badela azpimarratzeko arrakasta bat.

E.G.: Kalera ateratzea da posizio bat hartzea, publikoki, eta zure herritarren aurrean esatea ni honen alde nago. Hiriburuan anonimato gehiago dago, baina hori zure herrian egiteak niretzat beste balio bat dauka .

Emakumeen ahalduntzea ikusi zenuten Martxoaren 8ko mobilizazioetan, ezta?

M.A.: Egun horretan bertan baino gehiago, prozesuan kokatuko nuke. Erabakitzea gaur planto egingo dut eta kalera noa, inoiz atera ez den pertsona batentzat, bada zerbait.

E.G.: Bai, norberak bere buruari aitortzea da: nire bizitza inportantea da, hemen gauzak ez daude ondo, erantzukizunak banatu egin behar dira, eta kalera aterako naiz.

M.A.: Eta etxean sentitzen dudan hau, nire irudipena izango den hau, ez da zerbait kasuala, atzean badu zerbait, ez zait niri bakarrik gertatzen. Ariketa horrek kristoren indarra ematen du. Balio du norberaren bizipenei izen bat jartzeko eta eduki politiko bat emateko.

Emakumeak izan dira protagonista, baina gizonei ere eragin die.

E.G.: Uste dut prozesu hau oso interesgarria izan dela, zeren eta emakumeak kalera atera dira; adibidez, zaintzaz hitz egitera, eta esatera zaintza denona dela. Jabetze prozesu bat eman da emakumeengan, eta horrek gizonak mugitu egiten ditu nahi eta nahi ez. Erresistentziak sortu ditu gizonengan, eta gutxi batzuen artean hausnarketa eragin du. Baina ez dut sekulako aldaketarik ikusi.

M.A.: Azpimarratzekoa da ariketa hori egon den kasu gutxietan izan dela emakumeok posizio bat hartu dugulako. Gizon batzuk interpelatuak sentitu dira eta ariketa bat egin behar izan dute.

Zuentzat azpimarragarria izan da neska gazteak kalera atera izana.

E.G.: Bai, horrek esan nahi baitu beren errealitatea ez dela parekidetasunezkoa, eta beraiek hori bizitzen ari badira, esan nahi du gaur egungo gazteen sozializazioan matxismoa ematen dela, eta matxismoa ematen bada, bizitzako eremu desberdinetan bizi dutelako da.

M.A.: Oso gaztetatik datoz kontzientzia feminista batekin, eta da Eiderrek esan duenagatik: behar bat sentitzen dutelako. Badu alde positiboa ere, neska batek 14 edo 15 urterekin betaurreko moreak janzten baditu, hori kristoren potentziala baita mugimendu feministarentzat.

Martxoaren 8ko olatuak badu atzera bueltarik?

M.A.: Batzuk lehendik geunden kontzientziatuta, baina beste askok orain egin dute bere feminismoa. Ariketa hori egin dute, eta horrek ez dauka atzera bueltarik gure ustez. Bestetik, mugimendu feminista bezala, orain asmatu egin beharko dugu herriz herri, nahiz eskualde mailan, nahiz Euskal Herri mailan, nola eman jarraipena indar honi.

E.G.: Nik pertsonalki sentitu dut Martxoaren 8az geroztik kristoren babesa mugimendu feministan jarraitzeko. Ikusi dugu herria dagoela mugimendu honen alde, eta beharrezkoa dela. 

Nola lortu Martxoaren 8a abiapuntua izatea eta ez helburua?

M.A.: Batetik, Martxoaren 8a borroka bezala eta gatazka egun bezala errekuperatze soilak kristoren balioa du. Izan ere, gatazkak sortzen du aldaketa. Hortik aurrera, uste dut ez dagoela formula magikorik. Formula magikoa izan da grebaren prestaketa bera: jendearekin egotea, asmatzea zer espazio behar ditugun ahalik eta emakume gehienek parte hartzeko, mugimendu feministari legitimitatea aitortzea...

E.G.: Lanketa honek erantzun bat eduki du. Ikusi da errealitate zehatzetara jaitsiz gero, beharrei askoz hobeto erantzuten diegula, jendearengana askoz errazago iristen garela eta erantzun bat lortzen dela. Eta uste dut planteamendu orokorrak hortik joan behar duela.

M.A.: Nik azpimarratuko nuke bi muturrak behar ditugula. Behar da deszentralizazioa eta ahalik eta jende gehienarengana iristea eta lanketa hori egitea, eta, bestalde, mugimendu feminista koordinatu bat edukitzea Euskal Herri mailan proposamen politikoak egingo dituena, lege proposamenak egingo dituena, eta solaskide politiko bezala onartua izango dena.

Mugimendu feminista indartsu ikusten duzue. Zer nabarmenduko zenukete?

E.G.: Mugimendu feministak bere tokia bereganatu du. Azken urteetan gaia instituzionalizatuta egon da hein batean. Kaleko mugimendua zena bereganatu egin zuten eta sistema barruan sartu, sistema mantentzeko. Orain mugimenduak berriz eskuratu du hori.

M.A.: Argi dago eraldaketa erreala planteatzen duen mugimendu bakarrenetakoa dela mugimendu feminista, bakarra ez esatearren. Eraldaketa modu transbertsal batean planteatzen duen bakarra da, eta horrek ilusio handia eragiten digu. Aldaketak etxe barruraino planteatzen dituelako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!