Kamel Ziani: "Asko ikasi dut atletismoaren bitartez, baina kirol gogorra da"

Karkara 2018ko mar. 16a, 10:09

Espainiako Kros Txapelketa irabazi zuen Kamel Zianik (Alhucemas, Maroko, 1972) pasa den igandean, 45 urtetik gorakoen kategorian. Hogeita bost urte daramatza lasterketetan parte hartzen, nahiz eta eliteko atletismoa utzia duen. Korrikalariaren hitzetan, kirol "gogorra" da, baina "umila izaten" irakatsi dio.

 
Espainiako Kros Txapelketa irabazi berri duzu, Avilan (Gaztela eta Leon, Espainia). Nola sentitzen zara?
Ondo sentitzen nintzen, eta Espainiako Txapelketara animatu nintzen. 200 parte hartzaile inguru ginela uste dut, eta lasterketa azkar samarra izan zen.  Lasterkari batek alde handia atera zion atzetik zihoan korrikalari taldeari, eta ni bien erdian nengoen. Bere parera iritsi eta aurrea hartu nion, helmugara iritsi arte. Haize handia egiten zuen eta euri zaparradak botatzen zituen tarteka, baina, egia esan, gustura egin nuen lasterketa.

Prest ikusten al zenuen zeure burua?
Bai, ongi ikusten nintzen, sasoi betean. Banekien lasterkari onek parte hartuko zutela proban, baina 15 edo 20 segundoko tartea atera nienean, lasai joan nintzen helmugaraino.

Nola gogoratzen dituzu atletismoko lehenengo urteak?
Berandu hasi nintzen, 18 urterekin. Lehenago judoa egiten nuen. Zarautz-Getaria lasterketa egin nuela dut gogoan, eta irabazi egin nuen. Egia esan, parte hartzaile gutxik eman zuten izena lasterketan, baina hor geratu zen irabaztearen anekdota. Ondoren, lehendik ezagutzen nuen atletismoko entrenatzaile batek proba batzuetan parte hartzeko aukera eman zidan, hipodromoan. 3 kilometro egin nituen, hondarretan. Hor hasi zen guztia.

Noiz jabetu zinen ona zinela?
Ez zara momentu jakin batean ohartzen. Lasterketetan parte hartzen hasten zara, gero eta gehiago entrenatzen...

Noiz egin zizuten lehenengo kontratu profesionala?
Londoneko Maratoian izan nintzen, eta bi ordu eta 14 minutuan egin nuen ibilbidea. Amsterdamera joan nintzen ondoren, eta lau minutu jaistea lortu nuen marka hura. Adidas etxearekin kontratua sinatu nuen orduan.

Zein leku duzu gustuko korrika egiteko?
Lasarten eta Anoetan entrenatu dut. Asfaltoan ahalik eta gutxien korrika egiten saiatu naiz. Donostiako  Cristina Enea parkean ere askotan izan naiz, asko gustatzen zait leku hori. Orion, arraun elkarte inguruko belardi batean egiten dut korrika.

Zein eremu duzu nahiago korrika egiteko: hondarra, belarra ala asfaltoa?
Belarra nahiago dut, posible den heinean. Asfaltoa oso erasokorra da, eta horrek bere ondorioak ditu. Soria eta Segovia bezalako lekuak ederrak dira, belarra besterik ez dute eta.

Zer eman dizu atletismoak?
Gauza asko ikasi ditut kirol honen bitartez. Gogorra da, eta nahiko bakartia. Ez da saskibaloia, futbola edo taldeko beste edozein kirol bezalakoa. Entrenatu ere bakarrik egin behar izaten duzu. Umila izaten irakatsi dit. Zeure lekuan jartzen zaitu.

Atletismoaren bitartez harreman asko egin eta leku asko ezagutuko zenituen.
Bai, hala da. Mundua ezagutzeko aukera eman dit atletismoak. Besteak beste, Japonian, Korean, Asian, Europan...  jende asko ezagutu dut. Atletismoak umila izaten erakusten duela aipatu dut lehen, eta ezaugarri horietako jendea da ezagutu dudana. Egia esan, hegan pasa zaizkit urteak.

Eta zein erronka dituzu epe motzerako?
Espainiako Kros Txapelketa zen buruan neukan erronketako bat, eta proba horren ondoren, gogor entrenatzen jarraitu behar dut. Euskadiko Txapelketa jokatuko da asteburu honetan Donostian, eta ez dakit oraindik izena emateko aukera izango dudan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!