Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea izango da gaurtik aurrera

Karkara 2018ko mar. 19a, 09:30

Atzo iluntzean Realak ateratako ohar ofizialaren arabera, Imanol Alguacil oriotarrak Reala entrenatzeko ardura izango du gaurtik aurrera, talde txuri-urdinak Eusebio Sacristán kargutik kendu ostean.

Realak entrenatzaile oriotarra izango du, historian lehen aldiz. Imanol Alguacil herritarra izango da talde txuri-urdinaren entrenatzaile berria. Halaxe adierazi zuen atzo iluntzean Realak, ohar ofizial bidez. Imanolek azken urtetan lan bikaina egin du Sansen, Realaren bigarren taldean, eta antza, zuzendaritzak arrazoi horrengatik erabaki du oriotarrari lehen taldearen ardura ematea.

Alguacilek ezagun du Anoetako aulkia. 1990 eta 1998 urteen artean Realeko jokalaria izan zen. Kamiseta txuri urdina erantzi ostean Villareal, Jaen, Cartagonova eta Burgos taldeetan burutu zuen jokalari ibilbidea, erretiroa hartu aurretik. Urte batzuk geroago, entrenatzaile lanetan zebilela, Realeko David Moyes entrenatzaileari laguntzeko ardura izan zuen. Hortaz, oriotarrak badaki zerbait Realaren martxaz. Lema gogor heldu eta txalupa nagusiaren norabidea zuzentzen asmatzeko erronka du aurrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!