Oriotarra Realeko aulkian, zorte on Imanol!

Karkara 2018ko mar. 29a, 11:00

Realzaleak etsita dabiltza aurten. Imanol Aguacil oriotarrak izango du txuri-urdinen animoa berreskuratzeko ardura.  Jokalari eta entrenatzaile ibilbidean ondoan izan dituen lagun eta jokalari oriotarren  hitzak bildu ditugu erreportajean.

Igandean ez zuten jai izan Zubietan. Bezperan Getaferen aurkako partidua galdu zuen Realak,  Loren kanpora oihuak entzun ziren Anoeta suntsituan eta igandean dimisioa eman zuen Burgosekoak. Akabo Eusebioren tiroa, igandean kaleratu zuen entrenatzailea Aperribay presidenteak. Imanol Alguacil Logroñesen aurkako partidua prestatzen ari zen. Bi eta huts irabazi zuen Sansek eta hirugarren jarri dira sailkapenean. Baina partida amaitzean Aperribaik bulegora deitu zuen oriotarra. Igande gaueko hamarretan iragarri zuten albistea: oriotarra Realeko aulkira. Igoera fasea jokatuko du Imanolen Sansek, baina hondoa jota dagoen lehen taldea zuzentzea agindu diote. Klubeko pertsona naiz, eta neure buruari baino taldeari begiratzen diot. Ezin nion aukerari muzin egin, eta ahal dudan guztia egingo dut.

Iñigo Garmendia koadrilako lagunak kontatu digu Jexux Esnalen Alkarturik taldeak eman ziela plaierotan hasteko lehen aukera. Gerora Oriokon hasi ziren Alguacil, Garmendia, Arostegi eta abarrak, Pedro Fernandez eta Agustin Illarramendiren esanetara. Jubenil mailako hirugarren urtean pasa zen Realera, Karmelo Amas izan zuen entrenatzaile. Gure artean Imanol oso ona zen teknikoki eta fisikoki, ezker hegalean jokatzen zuen lehenbizi, pibote postuan gero eta defentsa amaitu zuen, dio Garmendiak.

1990 eta 1998 urte bitartean jantzi zuen elastiko zuri-urdina, Atotxan eta Anoetan. Gehienetan eskuin hegalean aritu zen. 90-91 denboraldian egin zuen debuta Oviedoko Carlos Tartieren. Hurrengo denboraldia lehen taldearekin egin zuen osorik. Zazpi denboraldi egin zituen eta zazpi gol sartu. Entzutetsuena, beharbada, Santiago Bernabeu zelaian Real Madrili sartu ziona.

Imanol Peña ere sortu zuten Realzale oriotarrek. Joxe Egibar zena presidente, Salatxo taberna izan zen taldearen operazio gunea. Anoetako 21. atetik sartzen ziren oriotarrak elkarrekin partiduak ikusteko. 32 urterekin utzi zuen futbola Imanolek Reala, Vilarreal, Cartagonova, Jaen eta Burgosen aritu ostean. Segidan hasi zuen entrenatzaile ibilbidea. Oriokon hasi zen, kadete mailan. Ohorezko mailara igotzekotan izan ziren jokalari gazte haiek. Iñigo Expositok oso oroitzapen ona du: asko erakutsi zigun, futbolean baino gehiago kirolari izaten. Lehen egunetik garbi esan zigun ez zela derrigorrezkoa entrenatzera joatea, hori bai, joatekotan serio joateko. Ondoren Zarautzen entrenatu aritu zen, Nazional mailara igo berria zen taldea eta maila mantentzea lortu zuten zarauztarrek. Futbolarien artean bi oriotar, gutxienez: Lander Arriola eta Jokin Bellido. Azken honek gogoan du Imanolen lanerako grina eta ilusioa: lehiakorra da Imanol eta jokalarioi lehiakorrak izaten erakutsi zigun.

Realera egin zuen jauzi Imanolek. Bi urte egin zituen jubenil mailan, bigarren urtean liga irabazi zuen Easo taldearekin. 2014. urtean hartu zuen Sanse taldearen ardura Davis Moyes lehen taldearen entrenatzaile izendatu zutenean. Lehen urtean hamalugarren sailkatu ziren, bigarrenean zazpigarren, hirugarrenean hamargarren eta aurten hirugarren dira sailkapenean. Iaz jokalari askok lehen taldera salto egin zuten: Elustondo, Guridi, Odriozola, Bautista, Rodriguez, Oyarzabal eta Zubeldia bikain ezagutzen ditu Imanolek. Aurten 55 punturekin utzi du Sanse, bost puntura dute Sporting B liderra eta bi puntura Mirandes, bigarren sailkatua. Anekdota polita da honakoa: Garmendia eta koadrilako lagunak Sanse eta Imanolen partiduak ikustera joaten dira oraindik.

Toshack eta Moyes

Ezustekoa izan zen igandekoa, baina ez da bakarra izan Imanolen ibilbidean. John Benjamin Toshackek Albaceten aurrelari jarri zuen Imanol eta gola sartu zuen, hemerotekaren arabera begiak itxita errematatu zuen baloia. 92-93 denboraldia zen, 1-2 irabazi zuen Realak Imanol eta Carlos Xavierren golekin. Bestetik, Imanol ez da lehen aldiz Realaren aulkian eseriko: Atletico de Madril taldearen aurkako partidan Santana entrenatzailearen laguntzaile lanetan aritu zen, Arrasate joan eta Moyes etorri bitartean. 1-1 amaitu zen partidua.

2017. urtean San Pedro egunez berritu zuen kontratua bi urterako. Denboraldia amaitu bitarte lehen taldearen aulkian eseriko da Imanol. Helburuak hiru: taldearen itxura hobetzea, sailkapenean ahalik eta goren gelditzea eta etxeko jokalariei minutuak ematea. Bederatzi partidu aurretik: Eibarren kontrako derbya lehena. Litekeena da denboraldi amaieran Realak ibilbide luzea duen entrenatzailea ekartzea, baina zeinek jakin.  Eroa da futbola, pasa den igandea adibide. Zorte on!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!