Euskaraldia abian da Orion ere!

Karkara 2018ko api. 1a, 12:00

Euskal Herrian azken urteotan abiatu den ekimen anbiziotsuenetako bat da Euskaraldia. Gizarte-aldaketako dinamika ausart bat da, jendearen ohitura linguistikoetan eragin nahi duena. Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo da, eta Oriok ere dagoeneko eman du izena parte hartzeko.

Euskaraldiaren oinarrian dauden ideia nagusien teorikoa Pello Jauregi unibertsitate-irakaslea da; haren hitzetan Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat, eta ez da jai bat ere, baizik-eta ariketa kolektibo erraldoi bat, herritarren ohitura linguistikoetan eragin nahi duena, euskara gehiago erabil dezaten. Pello Jauregik hitzaldi gogoangarri bat eman zuen Orion 2014an eta han azaldu zituen gerora Lasarte-Orian, Agurainen, Donostiako Egia auzoan eta beste hainbat tokitan egin diren esperientzien oinarri teorikoak. Esperientzia horiek emaitza ona izan zuten eta arrakasta horrek ekarri du aurten Euskal Herriko erakunde publikoek eta euskalgintzaren ordezkariek Euskaraldia antolatzea euskararen lurralde osoan.

11 egun euskaraz

Euskaraldiaren barruan, aurtengo azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra arte, 11 egun euskaraz izeneko ekimena jarriko da martxan Euskal Herri osoan, parte hartzea erabaki duten herrietan. Ondoko orrialdeko infografian hobeto ikusten da zer den ekimen hori; baina, funtsean, honela funtzionatuko du: herritar batzuek Ahobizi papera jokatuko dute eta paparrean jarritako txapa baten bitartez adieraziko dute hori; ahobiziek bi konpromiso hartuko dituzte: batetik, euskaraz egingo dietela beti euskara ulertzen duten guztiei, eta, bestetik, euskaraz egingo dutela  lehen hitza ezezagunen aurrean. Bestalde, beste herritar batzuk Belarriprest papera jokatuko dute eta, hartara, txapa jantzita adieraziko dute berekin lasai egin daitekeela euskaraz, ulertzen dutelako; beharbada, ez dira gai izango hitz egiteko edo elkarrizketa osoa euskaraz egiteko; baina gogo onez hartuko dute jendeak berei euskaraz egitea.

Ahobizi edo Belarriprest izateko, izena eman beharko da eta horretarako epea irailaren 20an irekiko da.

Karkara eta Udala, elkarlanean

Joan den urteko abenduaren 3an aurkeztu zuten Euskaraldia Bilbon eta, pixkanaka, ari da bidea egiten Euskal Herri osoan. Euskaraldiak badu ezaugarri berezi bat, han eta hemen itxaropen handia sortu duena: lehenbiziko aldiz, euskararen aldeko elkarte eta mugimenduek bat egin dute erakunde publikoekin, ekimen handi bat elkarrekin bultzatzeko.

Elkarlan horren eredua zabaltzen ari da, gainera, herrietara ere eta Orion, esate baterako, Karkara elkarteak eta Udalak batera egin zuten Euskaraldiaren aurkezpen-ekitaldirako deialdia. Orioko aurkezpena 2018ko otsailaren 3an egin zen eta, argazkian ikusten den bezala, jendetsua izan zen: 75 bat lagun bildu ziren Arraunetxeko areto ederrean.

Andoni Egaña eta Arrate Illaro

Otsailaren 3ko ekitaldiaren hasieran Udaleko Euskara batzordeko buru Aitziber Camposek eta Karkara elkarteko Rikardo Uzkudunek hartu zuten hitza, bertaratuei ongietorria egiteko eta ekitaldiaren nondik norakoak azaltzeko.

Segidan, Andoni Egañak hogei minutuko hitzaldi laburra eman zuen hizkuntzaren egoeraz, gure eskualde euskaldunaren ikuspegitik, eta gaiari buruzko zertzeladak eta anekdotak harilkatu zituen ondo jositako solasean. Bertsolari zarauztarrak ondo ezagutzen du ingurua eta geolinguistika faktoreak azpimarratu zituen diagnosian. Galdera-erantzun batean laburbildu zuen ideia nagusia: euskararen ezagutza igo bada zergatik egin du erabilerak pixka bat behera? Euskara zabaldu egin da baina degradatu ere bai, esanindarra galdu du. Halere, Egañaren iritziz badaude itxaropentsu egoteko motiboak: erakunde eta herri eragileen elkarlana usaintzen dut Euskaraldia ekimenean eta horregatik bakarrik pozgarria da.

Ondoren, Arrate Illarok azaldu zuen zer den Euskaraldia, nondik sortu den, nola gauzatuko den Euskal Herri osoan eta zein diren urtea bukatu arte aurreikusten diren lanak. Arrate Illarok Euskaltzaleen Topagunearen izenean hitz egin zuen, bertan ari baita lanean Euskaraldia koordinatzen. Arratek egitasmoaren malgutasuna azpimarratu nahi izan zuen: ekimena Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu, horretarako egitasmoa martxan jarri den herrietan zerk funtzionatu duen azaltzen ari gara. Baina herri bakoitzean sortzen den lantaldeak eman behar dio forma dinamikari, herriaren ezaugarriak eta egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta.

Lantalde zabala

Aurkezpen-ekitaldian bertan hogeitik gora lagunek adierazi zuten prest daudela Euskaraldiko Orioko lantaldean parte hartzeko. Beste askok erakutsi zuten prestutasuna era batera edo bestera laguntzeko eta interesa agertu zuten informazioa jasotzen segitzeko.

Lantaldea hasita dago bilerak egiten eta dagoeneko bitan juntatu da, ekimenaren faseak aztertzeko, Orioko egoera aztertzeko eta hemendik urte bukaera arte egin beharreko lanez hitz egiteko. Lantaldearen erronka nagusia Euskaraldia oriotarren artean ezagutzera ematea eta jendearen parte-hartzea sustatzea izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!