Boluntario bila dabiltza Landare Berezien 16. Azokarako

Karkara 2018ko api. 5a, 16:37

Aurten ere Aiako Iturraran Lorategi Botanikoak landare berezien azoka hartuko du apirilaren 28 eta 29an.

Aiako landare azokan jendetza bildu ohi da urtero, eta antolakuntza aldetik dena behar bezala atera dadin, Iturraran Parketxetik deia luzatu diete boluntario lanetan laguntzeko prest dauden herritarrei. Zeregin hauetarako behar dira laguntzaileak: batetik, aparkalekuetan eta landare kontsignetan egoteko, eta bestetik, frantseseko itzultzaile lanetarako.

Landare berezien azokaren XVI. edizioa izango da aurtengoa. Guztira 50 mintegik eman dute izena, eta bertaratutakoek kontinente guztietako landareak ikusi eta erosteko aukera izango dute bertan. Ekimena Iturrarango Lorategi Bolkanikoan izateak izaera berezia ematen dio azokari, antolatzaileen esanetan, ingurua paregabea delako horretarako.

Azokaz gain, bisita gidatuak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte, landareak eta ingurumena ardatz hartuta. Jan eta edateko postuak ere jarriko dituzte, eta bertako produktua gastronomikoak ere erosi ahalko dira; haurren gozamenerako, jolasgunea egokituko da azokaren barruan.

Boluntario gisa lagundu nahi izanez gero, edo informazio gehiago lortzeko, 943 83 53 89 telefono zenbakira deitu daiteke, edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi.

 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!