Hamabost urte bete dira Oteiza hil zela

KARKARA TALDEA 2018ko api. 9a, 19:00

Gaur da Jorge Oteiza artista oriotarraren heriotzaren 15. urtemuga. KARKARAren 145. zenbakian argitaratu genuen erreportajea ekarri dugu webera, Euskal Herriak eman duen eskultore handienetakoa gogora ekartzeko.

Oteizaren inguruan aritzea ez da batere erraza. Hil denean mundu zabaleko komunikabideek erreportaje eta edizio bereziak kaleratu dituzte eta informazioa erruz izan dugu Jorgeren gainean. Jaiotzen ikusi zuen herriarekin izandako harremana jasotzea izango da gure ekarri txiki eta xumea. Aurrez aurre ezagutu zuten hainbat lagunen oroimenenak dira hurrengo lerroetan datozenak.

Iñaki Gurrutxaga, Benito Lertxundi eta Felix Marañas izan ditugu lagun erreportaje hau osatzeko. Argazkiak denak hemen Orion bertan KARKARAk egindakoak dira.

Apirilaren 9an hil zen Jorge Oteiza Enbil. Pneumoniak jota gaixorik zeramatzan egun asko eta berriak ez zuen inor sorpresaz hartu. 1908ko urriaren 21ean jaio zen Orion, Hendaia etxean, errio ondoan, arratsalde euritsu batean. Gurasoek hotela zuten Donostian eta, alditan, Oriora etortzen ziren aiton-amonengana. Txikitan Oriorekin harreman nahiko estua izan bazuen ere, ez zen horrelakorik gertatu gero, eta noizean behin bakarrik etorri zen. Eskultore handia eta famatua, euskal kulturarako erreferentea, tradizioa eta modernitatea lotzen asmatu duena; gizon zakarra, petrala eta probokatzailea, askotan, genio bizikoa... baina baita goxoa eta maitagarria, bestetan; gehiago ezer gutxi genekien gaurko oriotar gehienok Oteizari buruz. Baina Oteizak berak beti esan du Oriokoa zela, eta bizi-bizi ekarri ditu beti gogora haurtzaroko mementoak, herriarekin lotura berezia utzi zizkiotenak.

ORIORA BISITAN

Ez zen askotan etortzen Oriora bertan egindako zenbait aldaketa ez zitzaizkiolako gustatzen. Oso hitz gogorrak erabiliz, bere onetik aterata, ez zuen inorekin errukirik izaten autopista edo udaletxea edo plaza gaineko teilatua kritikatzeko.

Azken urteotan bi aldiz izan dugu aukera gure artean ikusteko: bata, Bitor Enbil osabaren bustoa Udalari eman zionean; bestea, kultur etxean erakusketa antolatu zenean bere lan batzuekin. Bietan emozio handia azaldu zuen herriko txokoak eta lagunak berriz ikusterakoan.

Gogoan zuen Zakilaneko aldapan zintzilik lehortzen jarritako sareei zerien usaina; gogoan zuen, baita ere, marea goraren ederrak sortzen zion lasaitasuna; edo aitona-rekin, Xubai gaineko bidean dagoen harrobian, harrietan zuloak egiten ibiltzen zela jostatzen; osaba-izeben etxeko istorioak; nola hondartzako zuloetan zerua dena kabitzen zitzaion; leundatarren okindegiko labearen usaina eta lagun giroa ere ekartzen zuen gogora: Manuel, Esteban eta Jose Migelekin pasatako orduak. Gustura egoten zen Orion etortzen zenean eta ilusioa egin zion eliza azpiko zuloan jartzea Martin Peronak egurrez egindako Pietatearen irudia.

ARRAUNLARIAK ARANTZAZUN

Oriorekin zuen harremana nabarmentzea gustatzen zitzaion eta Arantzazuko santutegiko ate gaineko apostoluak egin zituenean, 12 metro luzeko tokia traineruaren neurria zen Oteizarentzat eta, bertan, 12 apostolu jarri beharrean, 14 jarri zituen, traineruko arraunlariak bailiren. 1931ko pasadizoa dago horrekin lotuta, Pelay Orozkori kontatu ziona: estropalariek bandera irabazi eta errezibimendua izan zen Orion; egun berean, Oteizak Gipuzkoako eskultoreen arteko saria jaso zuen eta berari ere egin zitzaion ongi etorria: udaletxera bazkaltzera joan aurretik, arraunlariekin batera, aurreskua dantzatu omen zuen plazan.

HONDARRA ETA ARGI ZULOA

Altzuzan lurperatu zuten, apirilaren 10ean, emaztearen ondoan eta Orioko plaiako hondarra erama zuen haraino Mirari Arruabarrena alkateak zerraldoaren gainean botatzeko. Apirilaren 11n, Udalak deituta omenaldi xumea egin zitzaion Orion: Zakilaneko aldapa hasieran, eliza azpiko zuloan, kandelen argiarekin borobila zabalduz, oriotarrek agurra eman zioten Jorge Oteizari Pietatearen oinetan.

OTEIZA ETA EUSKARA

Bazen, ordea, zulo berezia oso artistaren bihotzean: ez zuen euskaraz egiten ikasi inoiz eta pena horrekin hil zen. Bera izango zen, gainera, euskararik ez zekien adin horretako oriotar bakarra, eta bazekien zer zen bere herrian atzerritar sentitzea. Ez zuen horretan asmatu, langile porrokatua eta gogotsua izanda, ez zuen inoiz tarterik izan euskaldun izateko. Hala ere, berak zioenez, euskaraz pentsatutako gaztelania omen zen berak zerabilena.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!