karkara.eus

"Orioko familiak uda honetan saharar umeak hartzera animatzen ditugu"

  gizartea  Orio

Maialen Etxeberria eta Alex Mateos oriotarrak Saharako Auserd herrialdean egon dira hamar egunez. Maialenen familiak 2000. urtean hartu zuen etxean Mohamed Salem sahararra. Maialenek 9 urte zituen. Orain, berak eta Alexek Mohamed bisitatu dute bere jaioterrian, eta esperientzia izugarrizkoa izan dela nabarmendu dute bi oriotarrek.

2000.urtean Maialen Etxeberriaren familiak bederatzi urteko haur saharar bat ekarri zuen Oriora. Garai hartan, herriko 12 bat familik hartu zituzten Saharako umeak. Zifra asko jaitsi da ordutik. Aurtengorako ere jende gutxik eman du izena; hori dela-eta Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzeko familiei zuzendutako epea zabaldu da, apirilak 15 arte. Informazio gehiagorako 696014786 telefonora deitu edo oporrakbakean@gmail.com e-posta helbidera idatzi.

Noiz izan zen Mohamed Salem sahararra lehendabizikoz Orion?

Maialen Etxeberria. Bederatzi urte nituela etorri zen Mohamed lehenengoz Oriora. Garai hartan 12 bat ume etorri ziren Oriora Oporrak Bakean ekimenaren baitan, udako hilabeteak herrian pasatzera.

Alex Mateos. Mugimendu handia egon zen, izan ere, lehenengo aldia izan zen sahararrak Oriora zetozela. Ondoren famili dezentek errepikatu zuten esperientzia.

Behin bakarrik etorri zen herrira?

Maialen. Ez. Guk hiru urtez jarraian izan genuen gure etxean. Hiru urte horiek igarota, ezin izan genuen gehiagotan ekarri, programak ezarritako gehienezko adina bete baitzuen.

Onuragarriak izan ziren Mohamedentzat Orion igarotako hiru udak?

Maialen. Zalantzarik gabe. Hemen egon zen bitartean begi batean ebakuntza egin zioten, eta hori oso lagungarria izan zen beretzat, han ez baitu halako operaziorik egiteko aukerarik. Ebakuntza tarteko, azken urtean Mohamed gurean abendura arte egon zen -Saharar umeak Oporrak Bakean programaren baitan uztaila hasieran etorri ohi dira Euskal Herrira eta iraila hasieran, itzuli- . Orion eskolan hasi zen tarte horretan. Gure nahia zen berak ikasturtea herrian amaitzea, baina ez zen posible izan,.

Agurrak ez dira inoiz gozoak izatean, baina kasu honetan, are gutxiago...

Maialen. Sekulako pena eta tristura sentitu genituen.

Alex. Nik gogoan dut Orioko futbol taldean gurekin jokatzen hasia zegoela, eta denok sumatu genuen ondoren haren falta.

Maialen, orain dela bederatzi urte joan zinen lehenengo aldiz Mohamed bisitatzera. Orain, Alexekin batera bidaiatu duzu hamar egunez bere herrira. Zein desberdintasun nabarmenduko zenituzke? Egoera asko aldatu da?

Maialen. Gaur egun Internet iritsi da Saharako herri askotara. Etxe gehienetan argindarra ere badute, eta zentzu horretan aurrerakuntza izugarria eman da. Azkenengoz bertan egon nintzenetik, asko modernizatu da teknologia aldetik, baita etxeen egiturak eta eraikitzeko materialak aldatu ere; baina bizi duten isolamendu egoera lehengo berbera izaten jarraitzen du.

Alex. Bertara eurak salbatzera norbait joango denaren esperantzarekin bizi dira, sinistu nahi dute kanpotik etorriko direla aske izateko behar duten babesa eta laguntza. 43 urte daramatzate egoera berdinean, bertatik irten ezinik.

Nola ikusi duzu Mohamed? Aldatuta?

Maialen. Oso pertsona ona da. Baina han azkenean, gizonezkoa izanda eta 28 urterekin, bere ilobek eta bera baino gazteagoak diren senideek izugarrizko errespetua diote.

Alex. Zentzu horretan, hierarkia bat dagoela esan genezake; gizarte atzerakoia da, baina gurekin bazekien beste portaera bat izaten. Bere ilobek, guztiak emakumeak, eramaten zuten etxearen martxa, eta Mohamedi ikaragarrizko errespetua zioten. Izatez oso gertuko pertsona da, baina hango ohiturak tarteko, bertan beste estatus bat du.

Oporrak Bakean proiektuak ahalbidetzen die familia euskaldunei bi hilabetez saharar umeak etxean hartzea. Orioko familiak animatuko zenituzkete?

Maialen. Zalantzarik gabe. Gure etxean Mohamed lehenengoz hartu genuenean, esperientzia ederra izan zen. Asko aberasten zaitu beste kultura zeharo desberdina duen pertsona bat etxean hartzeak. Eta haientzako hau, beste mundu bat da, etorkizunean eta betirako, beraiengan izugarrizko aztarna uzten duen esperientzia.

Alex. Ikusita han nola bizi diren, edozer emateko prest daudela, eta zeharo eskuzabalak direla, hemen hilabete batzuk igarotzeko aukera izateak, eta batez ere, osasun arazoak artatzeko aukera izatea, beraientzat sekulakoa da. Oriotarrak animatuko nituzke uda honetan etxean saharar umeak hartzera. Ni 10 egunez egon naiz han, eta dauden egoeran egonda, irribarrea, umore ona, eta eskuzabaltasuna eskaintzen dizkizute une oro. Izugarri ikasi dugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa