Orioko lehen taldea Donostiako uretan arraunean larunbat eguerdian

Karkara 2018ko api. 12a, 12:20

Gipuzkoako Kofradien Elkartearen 100.urteurrena ospatzeko bederatzi traineru arraunean arituko dira eguerdiko 12:30etik aurrera Kontxako badian.

Gipuzkoako Kofradien Elkarteak 100 urte bete zituen iaz eta larunbat honetan, apirilaren 14an, mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu.

Ezbairik gabe, jardunaldiko ekitaldi garrantzitsuena Kontxako uretan eguerdiko 12:30ean egingo den estropada izango da.

Donostiako badian Gipuzkoako Kofradien Elkartea sortu zuten bederatzi herrietako traineruek jokatuko dute estropada: Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia, Pasai San Pedro, Pasai San Juan eta Hondarribia.

Orioko Kofradiatik azaldu dute Jon Salsamendi entrenatzaileak unean dituen arraunlari onenak eramaten saiatuko dela, ostiraleko entrenamendua arinagoa egin eta larunbatean estropada txukuna gauzatze aldera.

Estropada aurretik Donostiako Aquariumean ekitaldi berezi bat egingo da Gipuzkoako Kofradiaren urteurrena ospatzeko. Bertan izango dira, besteak beste, Orioko Udaleko hainbat ordezkari, Unai Manterola herriko apaiza, eta Arraun Elkarteko ordezkaritza zabala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!