Mirari Etxegia: "Denbora gutxi pasa dut entrenatzen, palan gehiago aritzen naiz"

Karkara 2018ko api. 13a, 09:10

Kluben arteko trinketeko txapelketako lehen partidua izango du gaur Orioko Pilota Elkarteko Mirari Etxegiak. Bere bikotea baino, aurkariak ezagutzen dituela aitortu dio KARKARAri.

Asko entrenatu al duzu txapelketarako?
Neska berri batekin jokatuko dut, atzelaria dena. Orain arte ez dut berarekin jokatu. Denbora gutxi pasa dut entrenatzen, batez ere palan aritzen naiz. Ez dago trinkete askorik, eta ahal dugunean egiten dugu... Ez dugu oso maiz entrenatzen.

Aurkariak ezagutzen dituzu?
Bai, baina nire bikotea ez dut ezagutzen... berak bere kabuz entrenatu du, eta ni neure aurkariekin aritu naiz. Nire bikotea beste klub batekoa da, eta ongi arituko dela pentsatzen dut. Han gehiago entrenatzen ari dira, trinketea daukate.

Noiztik aritzen zara pilotan? Emakumezkoak aritzen dira?
Ni aspalditik aritzen naiz, 92az geroztik. Gure garaian emakume gehiago arituko zirenaren ustea genuen, baina uzten joaten gara denboraren poderioz. Batzuk jarraitzen dute, eta beste batzuek ez. Horretaz gain, aldatu egin da. Gu leku batean elkartzen ginen eta elkarrekin entrenatzen genuen, Donostian. Orain hori bukatu da, eta gazteak ahal den moduan dabiltza. Teknifikazioen eta abarren ondorioz asko aldatu da kirola gu ibiltzen ginenetik, eta herrietan neskak ez ditut ikusten paletan jokatzen. Hala ere, egia da Bizkaia aldean eskuz hasi direla.

Emakumeak kirolean aritzea zaila baldin bada, are zailagoa al da trinketean edo palan aritzea?
Noski. Donostian, Iruran, Irunen... daude trinketeak. Herrietan frontoiak daude, eta hor errazagoa da errazenera jotzea. Gehiengoak uzten du.

Afizioa duen kirola dela esango zenuke?
Nik uste dut baietz. Iruñean eta ibiltzen dira, batez ere mutilen artean; ohikoa ez izan arren. Kirola ezagutzen duena ibiltzen da paleta argentinarrean, teknika gehiago eskatzen du eta ez hainbeste indar.

Txapelketa honen ondoren, non ikusten duzu zeure burua?
Kluben arteko txapelketa honen ondoren, Emakume Pilotari txapelketa izaten da. Txapelketa motzak izaten dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!