Autoen zirkulazioa baimenduko da berriz Herriko Plazan maiatzetik aurrerako asteburuetan

Karkara 2018ko api. 13a, 15:41

Asteburuetan Orioko plaza motordun ibilgailuentzat itxi, eta oinezkoentzat soilik izan zedin neurria indarrean jarri zuen Udalak 2012an. Orain berriro zabalduko da.

Orioko Udalak autoen eta ibilgailuen zirkulazioa baimenduko du berriz Herriko Plazan maiatzetik aurrerako asteburuetan.

Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak Udalari eskatu dio asteburutan autoen zirkulazioa baimentzeko Herriko Plazan, azaldu berri du Udalak. Ostegunean, hilak 12, Obra eta Zerbitzutako batzordeak aztertu zuen gaia eta Arkuperen eskaera onartzea erabaki da.

KARKARAK jakin duenez, EAJ eta Orainen aldeko bozekin eman zaio argi berdea neurri berri honi.  EH Bildu erabaki horren aurka agertu zen atzoko batzordean; PSE-EE, berriz, abstenitu egin zen.

Ondorioz, maiatzetik hasita, autoek aukera izango dute larunbat eta igandeetan Herriko Plazan barrena zirkulatzeko, aste tarteko egunetan bezalaxe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!