Sofboleko neskak defentsan eta erasoan bikain asteburuan jokatutako partidetan

Karkara 2018ko api. 17a, 10:15

Lehenengo jokoa galdu arren, bigarren partida erraz irabazi zuten Orioko Bate Bizkorrek. Datorren asteburuan Madrilen dute norgehiagoka.

Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldeak Viladecans taldearen aurka jokatu zuen joan den asteburuan Mendibeltz zelaian. Lehenengo jokoa kanpokoen alde bukatu zen, lehen sarreran hiru puntu lorturik eta oriotarrei arnas hartzeko aukera askorik eman gabe.


Etxekoek bi puntu lortu zituzten Maialen Pisón eta Uxua Modrego jokalarien tantoei esker. Hala ere, Viladecans taldekoek ez zuten amore eman, eta markagailuan aurre hartu zuten. Oriotarrek ezin izan zioten partidari buelta eman. Bukaeran 2-5, kanpokoen alde.


Bigarren partida, ordea, oso desberdina izan zen. Orioko neskek etxekoen bultzada tarteko, erakustaldi bikaina eskaini zuten. Dani Osakik eta Kelly Lobatok lan paregabea egin zuten bateatzeko kutxan, hit bikoitza eta hit hirukoitza emanez, hurrenez hurren. OBBk bikain aritu ziren arlo defentsiboan eta hirugarrengo sarreran egindako eraso lanetan 3 puntu gehiago lortu zituzten Osakik,Lobatok eta Pisonek emandako hit-ei esker. Norgehiagoka amaieran, OBB 5-Viladecans 0.

Aipatzekoa Orioko neskek defentsan zein erasoan egindako lana, bereziki Dani Osakik, Kelly Lobatok eta Maialen Pisonek. Halaber, jaurtitzaileek loman egindako partida txalotzekoa izan zen.


Hurrengo asteburuan oriotarrak Madrilera doaz, Dridmaren aurka jokatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!