Sentsazio onak izan arren, aurten emaitzak lortzea zailagoa izango dela uste du Jon Salsamendik

Karkara 2018ko api. 18a, 16:12

"Historian zehar momentu askotan onena dela erakutsi arren", ligarik irabazi ez duela azaldu du Salsamendi Orio Babyautoko entrenatzaileak.

Bi hilabete besterik ez dira falta Eusko Label Ligari hasiera emateko. Beste urteetan egin bezala, klub bateko entrenatzailearen elkarrizketa argitaratuko du aurten ere Eusko Label Ligak bere webgunean.

Orio Babyautoko Jon Salsamendiri egin diote lehen elkarrizketa, eta CaixaBank Koroa lortzeko lehian egoteko asmoa dutela argitu du. Haren hitzetan, Oriok historian zehar momentu askotan argi utzi du onena dela; baina inoiz ez du ligarik irabazi.

San Nikolasen aurkari nagusiak Bermeo eta Hondarribia izango direla uste du Salsamendik. Hala ere, Zierbena azken aldian hazten datorrela irizten du entrenatzaileak, eta Cabo de Cruz talde galiziarra ere lehiaketaren lehen postuetan egoten saiatuko dela iruditzen zaio. Egiten ari diren lanaren sentsazioak "oso onak" direla dio, baina aurten emaitzak lortzeko zailtasun handiagoak izango dituztela aitortu du.

Elkarrizketaren bideoa gazteleraz igo dute Eusko Label Ligaren webgune ofizialean. Ikusteko, klikatu hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!