Jon Azkue: "Niretzat garrantzitsua da talde apal batean garrantzitsu sentitzea"

Karkara 2018ko api. 18a, 18:00

Eskubaloi jokalari oriotarrak beste bi denboraldietarako kontratua berritu du Bidasoarekin. Taldearekin batera hobetzen jarraitzeko ilusioa duela aitortu du Azkuek.

2011-2012 denboraldian iritsi zen Jon Azkue Bidasoara, eta zazpi urteren ondoren, bi denboraldietarako kontratua berritu du. Eskaintzak jaso ditu Europan jokatzen duten taldeen partetik, baina etxean «gustura» dago.

Bidasoarekin kontratua berritu duzu, beste bi denboraldietarako. Gustura zaude?
Bai, oso pozik. Hasieratik hemen geratzea neukan buruan, eta azkenean hala izan da.

Bidasoan geratuko zinela uste zenuen?
Bai, klubak hasieratik erakutsi dit bertan geratzeko interesa. Nik ere hori neukan buruan lehen aukera bezala, beraz, bi aldeak ados daudenean, akordio batera iristea da normalena.

Noiz hartu zenuten erabakia?
Aste Santua baino lehen itxita zegoen guztia, baina pixka bat itxaron dugu taldea mailaz jaitsiko ez dela ziurtatu arte eta momentu egokia aukeratu arte, informazioa ofizial egiteko.

Zazpi urte daramatzazu Bidasoan, nolakoak izan dira?
Pertsonalki, gorabehera batzuk izan ditut. Hasieran, iritsi nintzenean, minutu gutxi jokatzen nituen. Hirugarren urtea izan zen seguraski onena, Asobal Ligan egindako urtea.

Gerora, bigarren mailan egon ginen beste bi urteak zailak izan ziren; bai niretzat eta baita talde osoarentzat ere. Orain, pixkanaka lehengo joku hori errekuperatzen eta gozatzen ari gara berriz ere.

Europan jokatzen duten taldeen eskaintzak jaso dituzu urte hauetan, baina Bidasoan jarraitzea erabaki duzu.
Bai, eskaintzak izan ditut Europan jokatzen ari diren taldeen partetik, baina etxean oso gustura nago.  Talde apalago batean garrantitsu sentitzeari garrantzia ematen diot, eta horrek bere pisua izan du hemen geratzeko erabakian.  

Onena etortzeke dagoela eta zure onena oraindik eman ez duzula diozu.
Taldea bigarren mailan egon da, eta lehenengo mailan finkatzea lortu dugu. Itxura guztia du hau goruntz doala, eta zergatik ez dugu sinetsiko hemendik urte batzuetara hobeto egongo garela?

Pertsonalki, beti lanean jarraitzeko gogoa izan dut, hobetzen jarraitzekoa, eta taldea bezalaxe goraka joateko esperantza eta ilusioa dut.

Bidasoan ikusten duzu zure etorkizuna?
Oraingoz bai. Ezin duzu jakin inoiz non bukatuko duzun, baina nik oraingoz asmo hori dut. Hemen oso gustura nago, oso ondo tratatu naute, eta konfiantza hori eskertzeko modu bat da nik nire onena hemen ematen jarraitzea.

Talde gaztea da Bidasoa.
Bai, gazte asko gaude. Aurten nahasketa bat izan dela uste dut, gazteen eta esperientziadun jendearen artekoa. Gazteak bizpahiru urteko oinarri bat egiten ari gara, eta oso itxura ona duela iruditzen zait; denok hemen jarraitzen badugu behintzat. Hemen hazten segi eta hogeita bost urte ditugunean hor goian ibiltzea posible dela uste dut.

Beraz, azken urteak gakoak izan dira Bidasoarentzat?
Bai, aurtengoa eta lehengo urtekoa. Asobalera iritsi berritan mantentzea oso zaila da, eta lehengo urtean azken jardunaldira arte ez genuen lortu salbazio matematiko hori. Aurten pixka bat lehenago lortu dugu, lau jardunaldiren faltan.

Pixkanaka hori hobetzen joatea da kontua. Gazte asko gaude, eta ea pixkanaka goruntz joaten garen eta helburu handiagoak jar ditzakegun.

Emaitza onak izan dituzuela uste duzu?
Nik uste dut denok genuela hobeto ibiltzeko esperantza. Taldean ez dago inor konforme egindako lanarekin. Partidu asko galdu ditugu gol gutxigatik, eta berdinketa asko izan ditugu: hor puntu asko joan zaizkigu. Ez gaude dezepzionatuta, baina denok uste dugu gehiago egin genezakeela.

Eta zuk, nolako urtea izan duzu?
Denboraldia oso ondo hasi nuen. Aurreko urteak ez ziren nahi bezain onak izan, eta aurtengoan argi nuen ezin nituela gaizki egindakoak kontuan izan.  Gozatzen saiatu nahi nuen, eta lehenengo partidak oso onak izan ziren. Gustura sentitu nintzen.

Urrian lesio bat izan nuen, eta ebakuntzaren ondorioz, ezin izan dut Gabonak pasa arte jokatzen hasi. Hala ere, urtea onargarria izan dela uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!