Iruñeko sexu erasoaren epaia salatu dute oriotarrek

Karkara 2018ko api. 27a, 19:58
Gaur 19:00etan elkartu dira plazan Xaltxerak taldeak deituta, eta jende asko bertaratu denez, manifestazioa egin dute

Nafarroako Lurralde Auzitegiak ez ditu bortxaketagatik kondenatu Iruñean neska bat erasotu zuten bost gizonezkoak. Abusua dela erabaki dute epaileek, eta horrek gizartearen zati handi baten haserrea eragin du. Atzo jakin zen sententzia, eta arratsaldean elkarretaratzeak eta manifestazioak egin ziren hiriburu eta herri askotan, tartean Aian.

Gaur, Orion elkartu da herritar ugari plazan, Xaltxerak talde feministak deitutako elkarretaratzera. Oriotar asko bildu denez, manifestazioa egitea erabaki dute, eta herrian buelta egin dute. Manifestazio zaratatsuaren leloa izan da Ez da abusua, bortxaketa da. Orioko Udalak bat egin du elkarretaratze deiarekin.

Bestalde, bihar Iruñean nazio mailako protesta egingo dute, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Hitzordua 12:30ean da, Nafarroako Lurralde Epaitegiaren aurrean.

Argazkiak: Urola Kostako Hitza

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!