Zaragueta Herri Eskola, 40 urtez euskaraz

Rosa Velez 2018ko mai. 2a, 09:00

"Orioko herriari gogorarazi nahi diot, egun, Zaragueta Herri Eskolak euskalduna izaten jarraitzen duela. Harro gaude gure eskolak 40 urte euskaraz egin dituelako. 40 urtez euskaraz hezten, euskaraz bizitzen."

Aurtengo ikasturtean ospakizunetan aritu gara Zaragueta Herri Eskolan, izan ere, dagoeneko 40 urte pasa dira gure ikasleak euskara hutsean hezten hasi ginenetik. Lorpen hura, egun, hutsaren hurrengoa dela iruditzen bazaigu ere, garaiko egoera guztiz ezberdina zen. Ordura arteko irakaskuntza gazteleraz zen, Eusko Jaurlaritza sortzear zegoen eta hezkuntza kudeaketa guztia Madriletik egiten zen. Zalantzarik gabe, izugarrizko arrakasta garaiko guraso eta eskolako zuzendaritzak lortu zuena!

Egun, eskolak lorpen hura aitortu eta ospatu nahi izan du momentu honetan. Honengatik, eskola hainbat ekintza desberdin antolatzen ahalegindu da, gurasoen laguntzarekin beti.
Ospakizunei hasiera irailean eman genien. Txupinazoa ekitaldi zabal baten bidez egin zen eta, egun hartatik gaur arte, hilero jardueraren bat edo beste ospatu da, zenbait haur eta gazteentzat –Goazen, Txantxariak, bingoa, Rap-a Imanol Epelderekin...–, eta besteak helduentzat –hitzaldiak, gosari tertulia...– .

Ospakizunez beteriko urte hau amaitzeko, bazkaria egingo  genuen joan den apirilaren 21ean.
Ekintza hauek pentsatzeaz eta antolatzeaz gain, lan guztia aurrera ateratzeko ahalegina egin du guraso eta irakaslez osaturiko taldetxo batek. Taldetxo diot kopuruz ez direlako asko izan, kontraz, egindako lanari erreparatuz gero, talde handia izan da benetan. Zorionak egindako lanagatik!

Azkenik, plaza hau eskura dudanez, Orioko herriari gogorarazi nahi diot, egun, Zaragueta Herri Eskolak euskalduna izaten jarraitzen duela. Harro gaude gure eskolak 40 urte euskaraz bete dituelako, baina, oraindik harroago gaude euskara zaintzeaz eta euskaraz hezten jarraitzeaz. 40 urtez euskaraz hezten, euskaraz bizitzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!