Salatxo abesbatzak 25 urte

Salatxo abesbatza 2018ko mai. 4a, 09:00

"Herritarrei ere zabaldu nahi dizuegu gure ekimenetan parte hartu edo laguntzeko gonbita."

Santa Zezilia egunean, Salatxo abesbatzak 25 urte beteko ditu. Udal musika eskolako orduko zuzendariaren, Xabier Lizasoren, ekimenez sortu ginen, Marina Lertxundi, orduko irakaslearen zuzendaritzapean. Geroztik Idoia Azurmendi eta Igor Arroyo izan ditugu zuzendariak.

Urte hauetan, koruko partaide kopurua  gorabeheratsua izan bada ere, taldetxo jator bat, hortxe mantendu da, tinko, asteroko bi entseguetan. Oriotar kantu zale dezente bildu ginen lehenengo dei hartan, eta berehala hasi ginen kontzertuan ematen, lehenengoa, herrian bertan. Asko etorri dira ondoren, Euskal Herrian eta atzerrian.

Kontzertuez gain, telebistan ere izanak gara, Oh happy day kantu lehiaketan, eta Orioko kantu giroan eragiten, behin eta berriz, festetan eta hainbeste ekitaldietan.
25. urteurrena bereziki ospatu nahi dugu, eta horren prestaketan ari gara. Maiatza hasierako zubia aprobetxatuz, Salamancan izan gara, eta kontzertua eskaini dugu bertako San Marcos elizan. Aldi berean, Udalak eskainitako Baga-Biga-Higa, Itsaz Ertzeko Euskal Doinuak, grabaketarako Orioko itsas giroko abestiak prestatzen ari gara, eta sanpedrotan La Jodedera taldearekin egingo dugun emanaldirako kantuak ikasten ere bai.

Festetako ohiko meza nagusian eta Bisigu Egunean kantatzeko ere prestatzen ari gara. Eta oraindik erabat borobildu gabe badago ere, udazkenean 25 urte hauetan bidelagun izan ditugun herritar zein elkarteekin ekitaldi oso berezia antolatuko dugu.
Aipatu nahi dugu laster zozketa bat antolatuko dugula urteurreneko ekitaldietarako dirua biltzeko. Herritarrei ere zabaldu nahi dizuegu gure ekimenetan parte hartu edo laguntzeko gonbita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!