Giza katean boluntario modura izena emateko azken eguna, maiatzaren 15a

Karkara 2018ko mai. 10a, 15:47

Orioko Gure Esku Dagok 60 boluntario behar direla berretsi du. Maiatzeko igande eguerdietan plazan ipintzen diharduten postuan eman daiteke izena.

Gure Esku Dago dinamikak mobilizazio erraldoia iragarria du ekainaren 10erako. Eman eskua etorkizunari! lelo hartuta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu 201,9 kilometroko giza kateak. Horretarako, gutxienez 100.000 lagun beharko direla jakinarazi du herri dinamikak. Dagoeneko herriz herriko Gure Esku Dago dinamikak hasi dira giza katerako prestatzen.

Orioko Gure Esku Dagok joan den apirilaren 26an aurkeztu zuen herrian emango den dinamika. Mobilizazio erraldoi horretan, oriotarrek giza katearen ibilbidearen bi kilometro osatzeko ardura izango dute. Hain justu, Anibarko portutik Gurea enpresarainoko bidea eta enpresa horretatik Txurrukarainokoa. Horretarako, ordea, 1.001 herritar beharko dituztela aditzera eman du Orioko Gure Esku Dagok. Gainera, bi kilometro horiez gain, beste lau kilometro dinamizatzeko ardura ere izango dute. Horregatik, 60 boluntarioren laguntza beharrezkoa izango dela adierazi dute Oriokoek.

Giza kate erraldoian parte hartu edo boluntario gisa egunean zehar laguntzeko herritarrek izena emateko aukera jarriko dute hil honetan zehar. Hau da, maiatzeko igandeetan herriko plazan  izena emateko mahaia jarriko dute Orion. Giza katean parte hartu nahi duten herritarrek izena emateko maiatzaren 31 bitarteko epea izango dute. Boluntario aritu nahi dutenek, ordea, aurretik eman behar dute izena, maiatzaren 15a baino lehen, hain zuzen ere. «Boluntarioek lehenago eman behar dute izena, denbora behar delako gauzak antolatzeko», azaldu du GED-k. Giza katean parte hartzeko izen emateak bost euroko kostua izango du, eta Gure Esku Dagoren zapia jasoko du bueltan parte hartzaile bakoitzak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!