Bi igoera lortuta, hirugarrenaren bila Mendibeltzen

Jon Agirresarobe 2018ko mai. 16a, 14:48

Denboraldia amaitzeko azken partiduak falta dira, baina dagoeneko bi igoera lortu ditu Orioko Futbol Taldeak: kadete mailan nesken eta mutilen taldeak ohorezko ligan izango dira datorren urtean. Hori gutxi balitz, infantil kategoriako bigarren taldeak ohorezko mailan jokatzeko aukera esku artean du.

Kadete mailatik datoz notiziak, bata bestearen atzetik. Nesken taldeak asteburuan lortu zuen ohorezko ligara matematikoki igotzea. Jose Martin Aguacilen taldeak bigarren edo hirugarren izango dira liga amaieran; larunbat arratsaldean –ziur aski- Mendibeltzen jokatuko dute azken partidu erabakiorra.

Kadete mutilek ere lortu dute igoera: Kostkas taldearen atzetik bigarren dira sailkapenean eta datorren urtean ohorezko ligan jokatuko dute Aitor Rubioren mutilek. Hori bai, bada sailkapenean lehen postuan gelditu eta finala jokatzeko aukera izpirik: horretarako Mendibeltzeko partida irabazi behar dute oriotarrek eta Kostkasek berdintzea edo galtzea behar dute. Bestalde, kadete mailako bigarren taldea laugarren da bere multzoan.

Balio eman behar zaie igoera horiei, Orioko futbol taldea oso gutxitan egon baitan ohorezko mailan lehian. Hirugarren sailkapen taula batek ere pozen bat ekarri dezake Mendibeltzera: infantil txikiak bigarren dira ohorezko mailara igotzeko ligaxkan. Azken asteburuan 2-1 irabazi zuten Behobiaren aurka. Datozen asteetan erabakiko da dena.

Jubenil mailako taldea ere igoera fasea jokatzen ari da aurten. Pasa den astean 4-1 irabazi zuten Mendibeltzen Beti Ona taldearen aurka eta seigarren postuan dira sailkapenean. Asteburuan Zizurkilgo Danena taldearen zelaian jokatuko dute denboraldiko azken partida.

Regional preferente mailako taldeak pasa den asteburuan amaitu zuen denboraldia. 1-3 galdu zuten etxean eta zazpigarren amaitu dute sailkapenean. Urte amaieran ohikoak dira jokalarien joan-etorriak, aurten bada iragarpen deigarririk: Josu Solaberrieta jokalari beteranoak futbola utziko du hogei urtetik gora taldean aritu ostean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!