Kultur etxeko aretoa leporaino, plazako peatonalizazioa aztertzeko

Kultur etxeko aretoa leporaino, plazako peatonalizazioa aztertzeko

Asteburuetan plaza zirkulazioari irekitzearen komenientzia aztergai hartuta, 80 herritar inguru bildu ziren atzo arratsaldean.

Orioko Udalak deituta, atzo iluntzean bilera irekia egin zen kultur etxean. Gaiak azken asteetan herrian izan duen oihartzuna kontuan hartuz, espero bezala, herritar asko izan zen bileran. 80 lagun inguru juntatu ziren, Udaleko alderdi ezberdinetako ordezkariak barne.

EAJ-PNV-ko Eugenio Cotado zinegotziak izan zuen saioa gidatzeko ardura. Bilkura hasi bezain pronto, herritarrek berehala ekin zioten iritzi ezberdinak plazaratzeari. Udaleko alderdi ezberdinetako zinegotziek ere eman zituzten beren argibideak. Ordu eta erditik gora luzatu zen saioa.

Cotadok adierazi zuenez, datozen bi asteetan batzorde informatiboa deituko du atzo bildutako iritziak aztertu eta alderdien artean erabakia hartzeko. Hurrengo bi asteetan ekitaldiak programatuta daudenez, plazak ibilgailuentzat itxita jarraituko du asteburuetan. Beraz, hartuko den erabakia ekainaren 2ko asteburuan jarriko litzateke indarrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!