'Oriotar bat Varsovian' kontzertua eskainiko du Xabier Lizaso pianojoleak gaur

Karkara 2018ko mai. 18a, 10:47

Lau balada joko ditu: "Oso pieza garrantzitsuak dira pianoaren literaturan". Horretaz gain, Varsoviako bere bizipenak eta pieza horien inguruko iruzkinak tartekatuko ditu pianojoleak.

Xabier Lizaso pianojole oriotarrak kontzertua eskainiko du gaur Kultur etxean, Oriotar bat Varsovian izenburupean. Duela urte batzuk Madrilgo emanaldi batean eskaini zuen kontzertu bera, baina gaurko kontzertuan "beste era batera" joko duela aitortu du Lizasok. Lau balada joko ditu: "Oso pieza garrantzitsuak dira pianoaren literaturan". Horretaz gain, Varsoviako bere bizipenak eta pieza horien inguruko iruzkinak tartekatuko ditu pianojoleak.

Azken hilabeteotan, esaterako, Do, Re, Ni programarekin buru belarri aritu da. Haurrekin egin du lan, baina helduekin eta hirugarren adinekoekin ere zerbait egitea gustatuko litzaiokeela dio. "Neurozientzia eta psikiatria bezalako munduak gero eta gehiago ari dira musikarekin uztartzen", azaldu du Lizasok.

Musika beste arlo batzuekin uztartuta, emanaldi bereziak eskaini izan ditu Lizasok; esaterako, Andoni Egaña bertsolari zarauztarrarekin. Datozen hilabeteetarako ere buruan proiektu ugari dituela dio. Haren hitzetan, musika ez da bere "azken helburua": "Musikaria naiz baina ez naiz identifikatzen asko gainontzeko musikariekin. Tresna gisa erabiltzen dut musika, beste zerbait lortzeko". Ezaugarri horrek gainontzekoengandik asko bereizten duela iruditzen zaio oriotarrari.

Beste emanaldi bat lantzen ari da orain: "Andoni Egañarekin eta beste pertsona batekin ari naiz lanean, emanaldi bat prestatzen. Oraindik asko falta zaigu eta ez dakigu noiz aurkeztuko dugun, baina horretan ari gara", aitortu du.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!