Xabier Lizasok kontzertu ederra eskaini zuen ostiral iluntzean

Karkara 2018ko mai. 20a, 20:12

Herritar ugari juntatu zen kultur etxean, pianojole oriotarraren kontzertuaz gozatzera. Mikel Iruretagoienak lerro batzuk bidali dizkigu, bertan bizitakoa kontatuz.

Aski ezaguna da Xabier Lizaso pianojole oriotarrak Frederic Chopin konpositore eta pianojole poloniarrarenganako duen miresmena. Polonian pianoa ikasten eman zituen urteek maisu handi honen obra sakonki ezagutzeko aukera eman zioten, eta ostiral honetan Orioko Kultur etxean izandako emanaldia honen erakusle izan genuen.

Kultur etxeko aretoa adin guztietako jendez gainezka zegoen hamarrak aldean, Xabierrek eskaini behar zuen emanaldia hasi zain. Menua Frederic Chopin-ek konposatutako 1,2,3 eta 4 pianorako baladek osatzen zuten, eta Xabierrek, hitzaurre labur baten ondoren, laster ekin zion lanari. Pianoaren soinua aretoaz jabetu zen berehala, eta entzuleen errespetuzko isiltasunak lagunduta, ikaragarrizko kontzertua entzuteko aukera izan genuen.

Luxu handia da Xabier bezalako musikari bat gure herritarra izatea, eta guk bere musikaz gozatzeko aukera izatea. Eskerrak eman beharrean gaude hau posible egin duen Orioko Udalari, eta nola ez, Xabier Lizaso berari ere bai, egin ziguten opari ederrarengatik. Ea laster beste aukera bat izaten dugun.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!