Iñigo Manterola: "Arterik gabe ez naiz inor, nahitaezkoa dut"

Maria Maya Manterola 2018ko mai. 23a, 16:11

Hegaluzearen arrantzarekin lotutako erakusketa bat estreinatu zuen joan den astean Mexikon Manterolak. Beste hainbat proiektu ere baditu esku artean artista oriotarrak.

Iñigo Manterola (Orio, 1973) Orion sortu zen arren, Zarauzko bizilaguna da haurra zenetik. Arrantzaleen semea, biloba eta birbiloba da Manterola, eta haurtzarotik itsasoarekin izan duen lotura du bere sorkuntza lanen oinarri. Ariketa figuratiboa da bere abiapuntua, baina lan abstraktuetara jotzen du. Bide horretan ikasitakoarekin itzultzen da berriz ere jatorri figuratibora.

Itsasoa zure obraren inspirazio iturri dela esan genezake?

Bai. Nire lanaren abiapuntua da, eta etengabe itzultzen naizela esango nuke. Soka batekin figurazioari lotuta egoteko beharra sentitzen dut,  eta hortik abiatzen naiz niretzat ezezagunak diren ariketa abstraktuetara.

Nondik datorkizu itsasoarekiko lilura hori?

Bistakoa dela uste dut. Txikia nintzela nireak ez ziren arrazoi batzuengatik Zarautzera bizitzera joan behar izan genuen arren, beti sentitu izan naiz oriotarra. Orion jaio nintzen eta hala dio nire curriculumak. Gero eta gutxiago diren arren, herriko familia asko bezala, baxurako arrantzan aritzen ziren nire aitaren aldekoak. Nire birraitonak, aldiz, baleak arrantzatzen zituen. Itsasoarekiko lotura hori presente egon da nire haurtzaroan. Sortzerakoan, nire ariketa abstraktuak gauzatzeko etengabe baliatzen dudan aitzakia bat da itsasoa. Eroso sentitzen naiz testuinguru horretan, eta asko gozatzen dut.

Lan figuratiboak eta abstraktuak tartekatzen dituzu.

Bai. Lan egiteko modu berezia dela uste dut. Itsasoarekin dudan lotura horrekin lotuta daude nire lan figuratiboak. Lehenago esan bezala, mundu abstraktu ezezaguneranzko abiapuntua da niretzat. Ikerketa plastiko horren ondoren jatorrira itzultzen naiz, bidean ikasitakoa mihiseetan islatu ahal izateko. Eboluzio iraunkorra da nire helburua, artista eta pertsona bezala hazten joan nadin. 

Zer eman dizu arteak? Eta zer kendu?

Arterik gabe ez naizela inor esan nezake. Nire arimaren elikagaia dela uste dut. Artea nahitaezkoa dut, jatea bezalaxe: guztiz beharrezkoa. Garrantzitsua da baita ere arrakastak ez hiltzea: hau da, ez gelditzea eta esperientzia berrietarako buru iragazkorra izatea, etengabeko ikaskuntzan eta eboluzioan. 

Nire emaztearekin eta bi alabekin egoteko denbora kentzen dit. Luciarekin eta Marinarekin, argia eta itsasoa. 

Zenbat ordu ematen dizkiozu egunean arteari?

Oso zaila da egunean margotzen edo zizelkatzen ematen dudan denbora kalkulatzea. Batzuetan margotzen ari naizen hori eskultura batean txertatu dezakedala pentsatzen dut: momentu horretan mentalki zizelkatzen ari ote naiz? Ohiko egun batean, lauzpabost orduz margotzen dut. Eskulturak egitera tailerrera noanean, zortzi edo bederatzi ordu eman ditzaket pieza handi batekin lanean. 

Artista dinamikoa zarela esan izan duzu sarritan. 

Hala da, bai. Ez dakit kanpotik nola ikusten nauten, baina hori da nire asmoa. Mugimendua eboluziotzat eta aberastasuntzat har dezakegu.  Artista eta pertsona bezala hazteaz gain, nire burua ezagutzea da jarraitzen dudan bidea. 

Zein dira zure artista erreferenteak? Zer jaso duzu haiengandik?

Ez dut erreferente artistikorik. Inpresionismoaren lerroekin eta sinpletasunarekin maitemindu nintzela esan nezake, zehazki Joaquin Sorollaren eta Claude Moneten lanekin. Bestetik, ezin dut Jorge Oteiza aipatu gabe utzi. 

Ibilbide oparoa izan duzu ikasketak amaitu zenituenetik. 

Ikasketen amaiera erreferentzia ona dela uste dut. Arte Ederrak ikasten hasi aurretik ere, erakusketa batzuk eginak nituen. Beraz, ibilbide hori lehenago hasi zen. Burugogorra bezain saiatua naiz. Gainera, hasieratik nigan sinetsi duen norbaitekin ezkontzeko zortea izan dut. Errazena litzateke institutu edo eskolaren batean irakaslea izatea, eta denbora librean sortzeari uztea. Iñigo Manterola hiltzea bezalakoa izango litzateke hori. Zortea dela? Bakoitzak bere ametsak lortzeko borroka egin behar du. 

Erakusketa zabaldu duzu Mexikon, baina lehenago ere izan zara bertan. 

Bai, 2011n izan nintzen Gorka Larrañagarekin ariketa plastiko bat egiten. Casa Galerian erakutsi genituen lan horren emaitzak. Era berean, Mexikoko Euskal Etxean banakako erakusketa bat ere egin nuen.

Zer erakutsiko duzu orain? 

Así como el mar...  hegaluzearen arrantzarekin lotutako erakusketa bat da. 2007an Bilbon aurkeztu nuen, eta hedabideetan oihartzun handia izan zuen Pescadores de Bonito multzoa asko gustatu zitzaion galeriari. Hasierako multzo hari egokitzapen batzuk egin dizkiot, urte hauetan guztietan ikasi dudanarekin. Berriz ere bi itsasoen artean mugitu naiz, figuratiboaren eta abstraktuaren artean. 

Eta zein proiektu dituzu esku artean? 

Mexikotik itzultzean tailerrean sartuko naiz, Miarritzen erakutsiko diren formatu handiko lauzpabost pieza egiteko. Ekainaren amaieran, Tokyora bidaiatuko dut nire emaztearekin, saldu berri ditudan bi eskultura ezartzera eta estreinaldi festan parte hartzera. Arte bildumazaleak ere bertan izango dira. Beraz, ea nora eramaten nauen ate honek. 

Bestetik, arte bildumazale amerikar batentzat proiektu bat egiten ari naiz. Iazko udan pieza handi bat eskuratu zuen, eta beste hiru egiten ari naiz, bi metro eta erdi, hiru metro eta erdi eta lau metro eta erdikoak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!