Oriotar bat eta zarauztar bat dira Ertzaintzak atzo Donostian atxilotutakoak

Karkara 2018ko mai. 24a, 12:51
‘Irutxuloko Hitza’-k grabatutako bideoaren une bat.

Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi bileraren aurkako protestan atxilotu zituzten atzo, eta aske gelditu dira 03:00 aldera.

Oriotarra da bat, eta zarauztarra, bestea. Atxiloketa horien aurka protestara dei dezakete gaur herrian, baina oraindik ez dute zehaztu ez leku eta ez ordurik.

Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez, atzo Donostian hasi zen Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi bileraren aurkako protestan, “jendearengana jo eta bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Tabakalera parean”. Poliziaren presentzia nabarmenarekin eraikin barnean TMEaren harrera festa egiten ari zirelarik, “hainbat herritarrek protesta baketsua egin zuten Tabakalera inguruan, txistuekin soinua eginez”.

“Bat-batean, Ertzaintzak ekintza grabatzen ari ziren kazetariak eremutik kanporatu eta jendearengana jo zuen”. Tentsio momentuak bizi izan ziren, eta agenteek indarra erabili zuten protestan ari zirenen aurka. Jendartetik bi gazte atera eta atxilotu egin zituzten.

Ikusi argazki bilduma Irutxuloko Hitza-ren webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!