Josu Solabarrieta: “Gazteak hobeak dira teknikoki, baina lehiakorrak izaten ikasi behar dute”

Karkara 2018ko mai. 26a, 09:00

Realean eta Bartzelonan bezala, Orioko Futbol Taldean ere izan da aurten agur berezirik. Besteak beste, 25 denboralditan aritu eta gero futbola utzi du Josu Solaberrietak. Apal-apal baina garbi hitz egin digu.

25 urte futbolean, gazterik hasi zinen horregatik?

Gure garaian Orioko Futbol Taldeak ez zuen talderik infantiletan, horregatik, Zarautzen egin nuen urtebete. Ostera, Oriora itzuli nintzen eta bertan egin nituen bost urte. Jubenil mailako azken urtea Añorgan jokatu nuen, Liga Nacional deitzen dioten kategorian. Regional mailan Orion eta Zarautzen aritu ostean Lagun Onak taldean egin nituen lau urte, hirugarren mailan: bost edo sei jokalari kenduta azpeitiarrak ziren denak, eta oso talde lehiakorra zen. Haiek izan ziren, kirol ikuspegitik, urterik onenak eta emankorrenak. Amaitzeko, azken sei-zazpi urteak Orioko Futbol Taldean egin ditut, horietatik hiru jokalari eta entrenatzaile.

Zer moduzkoa izan da azken denboraldia?

Lehen jardunaldietan partida asko berdindu genituen, baina sentsazioak on samarrak ziren. Azkenean, sailkapenaren erdian amaitu dugu, ez gora eta ez behera. Ez dugu estutasunik pasa, baina beti nahi duzu zerbait gehiago. Etxean ondo aritu arren kanpoko partidetan kosta egin zaigu lehiakorrak izatea.

Entrenatzaile izan zinen hiru urtez. Ez da samurra izango botak erantzi gabe taldearen ardura izatea?

Esperientzia hura gogoan, ostera ere aulkian esertzeko asmorik ba al duzu? Lan bikoitza da, aldi berean, entrenatzailea izan eta jokalari aritzea. Zure burua prestatzeaz gain beste 20-21 lagun daude erabakien zain. Aurrez, buruari mila buelta ematen dizkiozu: hamaikak bakarrik jokatzen dutelako. Gogorrak izan ziren hiru urte haiek. Momentuz, ez dut entrenatzaile lanetan aritzeko asmorik.

Hainbeste urte futbolean arituta belaunaldi aldaketa ere bizi izan duzu: zu baino hamar urte zaharragoekin aritu zara, baita hamabost gazteagoekin ere. Zertan aldatu da futbola?

Asko. Ziur aski, gaur egungo gazteak, orokorrean, hobeak dira teknikoki, baina lehiakorrak izaten ikasi behar dute. Abilak dira baloia hanketan, baina amore ez ematen ikasi behar dute.

Gure hastapenetan lan fisikoa zen nagusi, eta ahal zena egiten genuen baloiarekin. Orain baloia darabilgu entrenamenduetan eta antzeman egiten da. Zelaiak ere eragina izan du: lehen hartxintxar zelaiak ziren nagusi, zelai irregularrak genituen han eta hemen.

Denboraldi amaierako partiduak ikusten izan gara Mendibeltzen. Talde, jokalari eta zaletu asko biltzen da Orion futbolaren bueltan.

Futbolak jende asko mugitzen du, herriz herri ikusten da hori. Orion, kadete mutilek eta neskek oso emaitza onak lortu dituzte aurten eta pozgarria da hori. Lan handia dago horren atzean.

Ez duzu kirola erabat utziko.

Ez. Futbola asko ikusten dut, edozein partidu, gainera. Umetan aitarekin hasi nintzen partidu mordoa ikusten eta ez naiz aspertzen. Eta geldirik ez gara egongo: korrika ere hasi naiz, badut lasterketa pare bat prestatzeko asmoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!