Benito Lertxundi: "Emozio karga handia dute disko berriko abesti batzuek"

IƱigo Gaiton 2018ko mai. 27a, 18:00

Sei urteren ostean, Benito Lertxundik disko berria argitaratuko du udazkenean. Bere diskografiako hamaseigarren lana da azken asteetan grabatu duena. Abesti berrien sorkuntza prozesuan hunkidurak sentitu dituela aitortu digu.

Bi zita izan ditugu Benitorekin. Estudioan lehena, grabaketa prozesu bete-betean. Salatxo tabernan bigarrena, diskoa ixteko azken lanak iaia bukatzear zituela. Gainezka eginda dabilela aitortu digu, eta neurotiko xamar ere bai, abestien azken ñabardurei mila buelta ematearen ondorioz.

Grabaketak bukatuta, kantu berriak nahasten zabiltzate egunotan.

Gogorra egiten zait fase hau. Estudioan modu batera entzuten ditut abestiak, eta etxean beste tankera bat hartzen diet. Zaila da buruan dabilkidana azaltzea, guztia sentsazio kontua delako. Halakoetan, neroni izaten naiz nire buruaren kontrariorik handiena.

Gustura al zaude kantu berriak grabatu dituzuen moduarekin?

Hein batean, inbidia ematen didate estudioko lanak amaituta asebeteta sentitzen diren musikariek. Egunotan dudan sentsazio hau ez da berria; behin ere ez ditut gustura bukatu estudioko lanak. Pentsa, gure azken diskoa, Oroimenaren oraina, argitaratu zenetik ez dut behin ere entzun.

Benetan?

Bai, bai. Gero, irratian edo kanturen bat aditzerakoan, nire golkorako pentsatu ohi dut: Ño, ez zagok ba hain gaizki… Estudioan sartzen zarenean, hilabete iraun ohi duen grabaketa prozesuan, erraza da lanean gehiegi murgildu eta perspektiba galtzea. Oraintxe, gainezka eginda nago. Kantu berrietan gehiegi sartuta, gauza onerako.

Musikari gehiagori ere gertatuko zaio hori.

Olatz Ingalaterran izan berri da. Bertako lagun batek kontatu dionez, Peter Gabriel disko berria prestatzen dabil azken bi urteetan, nola bukatu erabaki ezinik. Ez naiz arraro bakarra… kar kar kar.

Zenbat kantu bilduko ditu lan berriak?

Hamar. Udazkenean argitaratuko dugu.

Erabaki al duzu izena?

Ospakizun gauean. Diskoko kantu baten titulua da. Gaztetan, ospakizun batean nengoela, goizaldeko ordu txikietan izandako esperientzia batean du jatorria izenak. Bizitza osorako markatu ninduen pasadizo hark.

Zer gertatu zen?

Ospakizunek pisu handia dute gizartea antolatua dagoen eran: gaur jai egiten dugu arrazoi batengatik, eta bihar beste batengatik. Festa horiek eszenatoki bat izan ohi dute; gehienetan, otzandutako mundu bat. Arautua. Eta partaide bakoitzak, rol bat: kanpotik ezarria edo norberak aukeratua. Festa hartan, karga handia kendu nuen gainetik. Bestek ezarritako bideetan ibiltzeari laga eta nireari ekin nion.

Arindua hartu zenuen.

Naturalki gauza batzuk gustatzen zitzaizkidan, baina nire orduko baloreen arabera, ukatu egin behar nituen; besteak beste, gainean zigorraren begia genuelako zelatan. Gau hartan, motxila harrika bota nuen.

Zergatik, bada?

Jendearen rol horiek, munduan, tokian-tokian, kulturak edo erlijioak ezarritako baloreetatik ateratzen dira. Batek hau ona dela erabakitzen du, eta hura txarra. Beste batek, alderantziz.

(...)

Besteek gutaz duten ikuspegiak asko baldintzatzen gaitu. Sarri ezberdina izan ohi da barruan sentitzen duguna eta kanpora begira ematen dugun itxura. Ospakizuna metafora gisa erabiltzen dut, bizitza gure rola zein den asmatzen pasatzen dugula adierazteko.

Eta, zehazki, zer da aldarrikatzen duzuna?

Aipaturiko ospakizunen mundua, preso harturiko mentalitateen mundua da. Norberaren txaluparen lemari gogor eustea, besteek esango dutenaren beldurrik izan gabe. Hori da aldarrikatzen dudana. Gauzei bakoitzak bere begiekin so egitea, begi horiek jaio berriak izango balira bezala.

Disko berriko kantu batzuk zuzenekoetan jo dituzu azken urteetan.

Nire ustez, kontzertua da abesti baten ingurune naturala. Hor probatzen ditut kantuak, jendearengan eta nigan duten eragina ikusteko. Kantuei aldaketak edo bukaerak asmatzeko baliatzen ditut zuzenekoak; tarteka, funtzionatzen ez badute, kondenatzeko ere bai.

Ametsetan asmatua omen duzu disko berriko melodia bat.

Bai. Urtarrila asko gustatzen zait konposatzeko: neguko iluntasuna, itsas haizea, hotza... Ederra izaten da etxe giro goxoan sortzen jarduteko. Lan egun on bat amaituta, ohera sartu nintzen, eta amets hori izan nuen.

Ona?

Gozoa benetan. Hileta batean nengoen, zimitorioan, Orioko eliza bete-betea zegoelako. Arrantzale zaharrak eta Goiko Kaleko jendea nuen inguruan. Ilunabarra zen. Egoera maitekorra zen oso, isilik egon arren, denon arteko afektua handia baitzen. Halako batean, elizatik entzuten zen abestian nire ahotsa identifikatu nuen.

Esnatutakoan, gogoan zenuen melodia...

Hori da. Goizean, oharkabean, doinu bera nuen ezpainetan. Gosaldu ostean, estudiora igo eta eginda nituen testu batzuekin probatu nuen doinua. Ez zitzaidan bat ere ondo egokitzen. Azken folioa nuen aurrean, azken aukera. Letra aurrenekoan kantatu nuen osorik, goitik beheraino. Ikaragarria. Letra horrek, gainera, istorio berezia du atzean.

Urteekin musikariok kantuak sortzeko ofizioa, teknika, irabazten duzue; emozioa, ordea, mantentzen al da?

Disko berriko abesti batzuk emozio karga handia dute niretzat. Sorkuntza prozesuan, hunkidurak sentitu ditut. Kantuak etxean bakarrik kantatzerakoan, presente dudanean zer esaten ari naizen, kolpetik etortzen zait burura paisaia emozionala.

Eta zer ageri da paisaia horretan?

Umetan moilan ikusten nituen marinel hilak eta beren familien negarrak, Mendibeltzen edertasuna ibaia azpian duela, itsasadarra... Hori dena nirekin daramat aspalditik, nire memorian. Ez dit behin ere alde egiten.

Kresala itsatsi zaizu kantuetan, berriz ere.

Bai, disko berrian badira itsasaldeko lurrina duten kantuak. Nostalgiaren islatze bat dago hor.

Duela urte gutxi, bateria-jotzailea sartu zenuen taldean. Disko berrian ere parte hartzen du. Nolatan?

Nik ez dut bateriaren kulturarik izan. Ez dok amairuko kideok beste erreferentziak genituen. Urteekin, nire kantuen instrumentazioak garaiz kanpo geratzen ari zirela ohartu nintzen. Nire kantaerak izandako garapena ez zetorren bat atzean mantentzen nuen molde musikalarekin. Euskarri bat behar nuen ahotsari laguntzeko, eta bateriak egiten du sostengu lan hori. Beste haize bat ematen dio nire musikari.

Kantu berrien sorkuntzan, edo grabaketak egitean, zure taldeko musikariei utzi al diezu abestietan eskua sartzen? Edo zuk esandakoa jotzen dute?

Askatasun handiagoa emango nieke, baina ez dakit hori egiten. Produktore lana nire gain hartzen dut. Zaila da neurria hartzen. Kantuaren muinean sartzen saiatzen naiz, intuizioari segika. Abesti bat sortzen dudanean, kantu horrek esentzia bat du nire buruan. Grabaketetan, abestiari berezkotasun hori ez kentzen saiatzen naiz.

Azken urteetan, zein alor tekniko lantzen jardun zara nagusiki?

Nire ahotsa geroz eta grabeagoa da, eta horretara egokitzen ordu asko eman ditut. Nire kantaera, edo ahotsaren estetika, distantzia motzekoa da. Orain ez dut ozen kantatzeko ahotsik, gertu xuxurlatzekoa bai. Aste honetan bertan, lau kantu tonu erdi jaitsi ditut.

Diskoa autoproduzitu egingo duzue lehen aldiz. Nolatan aldaketa hori?

Arrazoi nagusi bakarra dago: obraren jabetza. Hamarkada askotan musikariok traketsak izan gara kontratuak eta halakoak sinatzerakoan. Kantuak ia opari eman ditugunaren sentsazioa dut.

Udazkenean, sortu berri duzuen zigilupean argitaratuko duzue Ospakizun gauean, ezta?

Bai, Olatz, Gratxina eta hiruron artean sortu dugu zigilua. Prozesuak baditu bere konplexutasunak; azken finean, enpresa bat sortzearen antzekoa baita prozesu burokratikoa.

Handia izango da lan karga.

Orain artean ezezagun zitzaizkigun lanak egitea tokatzen ari zaigu eta, beno, badira konplikazioak. Hala ere, esperientzia ona ari da izaten, alabarentzat batik bat. Gratxina musika promozioaren munduan sartu da ikaskideekin batera, eta berak arduratuko dira gure promozio eta produkzio lanez. Berentzat aukera ona da hau, eskarmentua hartzeko.

Gizarteari kosta egiten zaio, sarri, musikarion lana ofizio gisa ikustea.

Badira jendartean gailendu diren ikuspegi primario batzuk, zeintzuk lana jarduera edo neke fisikoarekin lotzen duten, neke mental edo psikologikoa existituko ez balitz bezala. Batek tomateak erosten ditu azokan, elikatu behar duelako. Bada, guk, hain zuzen, janari espirituala egiten dugu jendearentzat.

Arima indartzeko.

Eta jendearentzat beharrezkoa da. Nire kontzertuetara sartzeko ilarak ikusten ditudanean, argi ikusten dut hori. 20 eurotik gora ordaintzen dira sarrerak. Zergatik? Jendeak esperientzia hori bizitzeko gogoa edo beharra duelako.

Digitalizazioak, kontsumismo basatiak, eta beste hainbat fenomenoak bultzatuta, gurpil zoroan bizi gara. Inoiz baino beharrezkoagoa al da janari espiritual hori?

Hori ez dut nik esango. Baina hainbeste estimuluz inguratuta bizi garenean, bada begi bistatik galdu ezin dugun gauza bat: gure pentsamendua. Kontzientzia. Hori da kultura. Benetakoa. Pertsonari hazten laguntzen diona. Hazkorra. Aipatu dituzun inertzia horiei erresistentzia puntu bat jarriko dien pentsamendua. Horretarako aktibatu behar dira jendearen gaitasun kreatiboak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!