Udalbatzarrak aho batez onartu du Gure Esku Dagok aurkezturiko adierazpen instituzionala

Karkara 2018ko mai. 30a, 12:42

Atzo, asteartea, ohiko bilkura izan zen Orioko Udalean. Gai zerrendako hiru gaiak eztabaidarik gabe eta aho batez onartu zituen Udalbatzarrak. Galderen eta eskarien tartean, besteak beste, autokarabanen aparkalekua, txu-txu trenaren ibilbidea eta KARKARAk plenoak bideoz grabatzeko egindako eskaera izan ziren hizpide.

Honako puntu hauek landu ziren atzoko udalbatzarrean: 

1.- Onartzea, egoki bada, Orioko Danbolin musika eskolaren 2018-19 ikasturteko tarifak eta tasak murrizteko araudia. 12 aldeko botorekin, aho batez onartua.

2.- Onartzea, egoki bada, ahateen parkea mantentzearen arduradunak ematen dituen zerbitzuen baldintzak. 12 aldeko botorekin, aho batez onartua.

3.- Atxikitzea, egoki bada, Orioko Gure Esku Dago elkarteak aurkeztutako adierazpen instituzionalari.
12 aldeko botorekin, aho batez onartua.

Lur azpiko edukiontziak

Eskarien eta galderen tartean, EH Bilduko Emeterio Iribar zinegotzia izan zen hitza hartzen lehena. Lur azpiko edukiontzien gaiari heldu zion: Gai hau asko luzatzen ari da dagoeneko. Orain jakin dugunez, prozesua bukatzeko dokumentu bat falta da.

Agiri ekonomiko administratiboa da falta den dokumentu hori, erantzun zion Jose Anjel Zaldua alkateak. Udaleko langile bat ari da prozedura hori egiten. Epeak zehaztea falta da, gehitu zuen. 

Udaletxe batean, prozedura hauek abiadura normalean egin beharko lirateke. Hemen, beti badugu aitzakiaren bat. Urte hasierarako egon behar zuten egokituta edukiontzien gune horiek, eta ematen duenez, oraindik beste hiruzpalau hilabete pasako dira lanak bukatzerako, adierazi zuen Iribarrek.

Autokarabanentzat aparkalekua

Edukiontzien gaia itxi ostean, autokarabanen aparkalekuei egin zien erreferentzia EH Bilduko zinegotziak: Orain dela urtebete, antzeko egoeran geunden. Uda gainean dugu, eta berriz arazoak izango ditugu.

Gaia askotan landu da komisioetan. Denok ados gaude horretan, autokarabanentzat gune bat egokitu behar dugu. Zinegotzia jardun da lanean Bidegi eta EKP-rekin, baimenak lortu ahal izateko. Udalean gauzek bere denbora eskatzen badute, erakunde horietan ere bai, erantzun zion alkateak. 

EAJko Eugenio Cotado zinegotziak azpimarratu zuen denek dutela arazoari irtenbidea jartzeko borondatea, baina prozedurek denbora bat eskatzen dutela-eta, gaiari ezin zaiola nahi bezain azkar eman konponbidea. Udalean ez dugu minutu bat ere galtzen, adierazi zuen.

Dagoeneko negua galdu dugu, erantzun zion Iribarrek.

Negua, eta uda ere bai agian. Nahiago nuke datorren astean dena martxan balego, baina ez da posible. Epeak epeak dira, itxi zuen gaia Cotadok.

Aginte taldearen gestioa ezbaian

Jarraian, Emeterio Iribarrek ezbaian jarri zuen aginte taldearen azken urteetako gestioa: Aurrekontuak behar bezala ez gauzatzeagatik, Udaleko gerakinetik dirua gastatuko da. 

Iribarrek eta alkateak iritzi trukaketa izan zuten gaiaren inguruan. Alkatearen iritziz, Iribarrek egozten ziena baino proportzio altuagoan exekutatu dituzte aurrekontuetako diru partidak.

Txu-txu trena, Anibarko porturaino?

Eztabaida bukatutakoan, PSE-EEko Ana Priede zinegotziak txu txu trenari egin zion erreferentzia, galdera batekin: Aurtengo udan iritsiko al da txu-txu trena Anibarko porturaino? Jendea galdezka ari da, eta uda gainean dugu.

Alkatearen hitzak: Bi gidari ditugu. Batek baimen guztiak ditu txofertzarako, bigarrenak azken proba gainditu behar du. Txu-txu trenak pasa du ITV-a. Ibilgailuaren mantenuaren ardura duen Udaleko langileak dioenez, txu-txu trenak ez du errepide nagusitik Anibarko porturaino joateko nahikoa segurtasun eskaintzen. Trena Ibai Ondoraino iristea proposatu digu, eta bertan buelta ematea. Kasu horretan, Ibai Ondoraino gerturatu beharko lukete Anibarko portukoek txu-txua hartzera. Hori da mahaigainean jarri diguten aukeretako bat.

Zinegotzi sozialistaren erantzuna: Hori al da konponbidea? Aspalditik nabil txu-txu trenaren gaia landu nahian, eta komisio batetik bestera bidaltzen naute. Gainera etorriko zaigu uda, eta arazoak hor jarraituko du.

Ondorengo minutuetan eztabaidan jarraitu zuten, eta adostasun argirik lortu gabe, gaia hirigintza eta zerbitzuen batzordean lantzekotan geratu ziren.

Plenoak bideoz grabatzeko KARKARAren eskaera

Bukatzeko, Ana Priedek KARKARAk plenoak bideoz grabatzeko egindako eskaeraren gaia aipatu zuen.  Grabaketak baimentzeko erabakia hartu zuen edo ez galdetu zion alkateari.
Honen iritziz, duela egun batzuk datuak babesteko lege berria sartu da indarrean, eta idazkariari legedi berriaren inguruko informazioa eskatu diola adierazi zuen. Idazkariak aditzera emandakoagatik, astebete barru jakingo du zehazki legediak dioena.

PSE-EEko zinegotziak, harrituta, galdetu zuen: Zer zerikusi dute lege horrek eta plenoak bideoz grabatu ahal izateak? Bat ere ez.

Oinarri juridikorik gabeko iritziak elkartrukatu zituzten zinegotziek ondorengo minutuetan.

Segidan, KARKARAko kazetariak hartu zuen hitza: Udalbatzarrak grabatzea herritarrentzat eta Udalarentzat izango da baliagarria, besteak beste, gardentasuna sustatzeko.
Adierazi zuen ere, bere iritziz, indarrean sartu den lege berriak ez duela zerikusirik plenoak grabatzeko aukerarekin. KARKARAk, bere kabuz, grabaketak egiteko legedia eta aukerak aztertzen jarraituko duela esanez amaitu zuen hitzartzea kazetariak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!