"Une erabakior hauetan, herritarrok hitza hartu nahi dugula erakutsi behar dugu"

Karkara 2018ko eka. 8a, 11:05

Iganderako Gure Esku dago-k antolatutako giza kate erraldoia antolatzeko buru-belarri lanean ari dira herri dinamikak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekitaldi horretan hartzaile izango da gainera Orio.

Giza katea 12:00etan osatuko da. Larunbatera bitartean, giza katean parte hartzeko izena emateko lanean jardungo dute herriz herriko Gure Esku Dago-ren herri dinamikek. Oraindik izena eman gabe daudenak horretara animatu dituzte: Une historikoak bizitzen ari da gure herria, eta une erabakior hauetan herritarrok hitza hartu nahi dugula erakutsi behar dugu. Horretarako, ezinbestekoa da ekainaren 10eko giza katean denok parte hartzea, gure bizitzari eragiten dion ororen gainean erabaki nahi dugula adierazteko.

10:00etan bilduko dira oriotarrak herriko plazan, eta bertatik bideratuko dute antolatzaileek jendea osatu beharreko bi kilometroetara. Aginaga auzoaren amaieratik Etxeluze gaztetxeraino doazen kilometroak hernaniarrek osatuko dituzte, eta Oibartzarretik Talai Mendirainokoak oiartzuarrek. Azken hauekin batera, Kataluniako herritar batzuk etorriko dira, eta Oibartzar parean emanalditxo bat egingo dute.

Giza katea, kilometroka
Kilometroa
18. Orion, Hernanikoak.
19. Orion, Hernanikoak.
20. Orio, Anibarko portuan, Hernanikoak.
21. Orion, Oriokoak.
22. Orion, Orio eta Aiakoak.
23. Orion, Oiartzungoak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!