Kronika: Rafa Ruedaren kontzertua Orioko Kultur Etxean

Ritxi Uzkudun 2018ko eka. 9a, 21:47

Orioko Kultur Etxea alaitu zuten Rafa Ruedak eta bere taldeak bart. Erritmo ezberdinetako doinuekin, giro berezia sorrarazi zuten.

Bart gauean Rafa Ruedaren kontzertua izan zen Orioko Kultur Etxean, hiru musikarik osatu zuten taldea eta 30 bat lagun bildu ziren. Rafak (gitarra), Ander Zulaikak (bateria) eta Txus Aranburuk (teklatuak) bere azken diskoko kantuak jo zituzten gehienbat.
Diskoko kantu guztiek pertsona izena zergatik duten azaldu zuen Rafak lehenbizi, eta nola izan zen bere nahia diskoa osatzea hiriaren eta hiriko pertsonen kontzeptuaren inguruan. Horretarako hainbat idazleri eta bertsolariri eskatu zizkien letrak, bi baldintza horiekin: Pertsonen istorioak izan zitezela, eta hiriko pertsonenak. Horrela ondu zituen kantuak diskorako, eta plazaratu atzo: Oroitz, Angel, Nahikari, Eleonora, Irian eta abarrak.
Kantu horiekin osatu zuen mungiarrak kontzertuko zatirik handiena, kantuz kantu eta azalpenez azalpen. Denetariko doinuak, lasaiak unetan, oso bizi eta erritmoz beteak gehienetan, eta intentsitate handikoak beste zenbaitetan. Bukaeran kantu zaharren bat ere jo zuen, bakarka. Kantu goxoen nolakotasunak, eta karga handiko beste batzuen halakotasunak (bateria egurrean, eta Rafa Lisaboko Txap bailitzan) bistan jarri zuen Rafaren musika eklektrikoa. Aho zapore ona utzi zuela esango nuke atzo, batez ere, Orioko kultur etxean ohikoak ez diren kantu bixi horiekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!