Hastear dira arrauneko Eusko Label, Euskotren, KAE1 eta KAE2 ligak

Karkara 2018ko eka. 11a, 17:30

Denboraldi berriaren atarian, sari banaketa ekitaldia egin dute Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak asteburuan. Afiziorik onenaren saria eman diete oriotarrei.

Asteburu honetan izan dute Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren ekitaldia, Bilboko Bizkaia frontoian. 800 gonbidatu izan ziren Joxe Felipe Azurmendik eta Sandra Sabatesek zuzenduriko zeremonian, eta kategoria ezberdinetako sariak banatu zituzten. Afiziorik onenaren saria eman zioten Orio Babyautori, jarraitzaile fidelenak eta ilusioz betetakoak izateagatik. Bestetik, Juan Luis Amilibiari aipamen berezia egin zioten, traineruen eraikuntzan egindako ekarpenagatik eta ontzietan egindako berrikuntzengatik. Sari banaketaren ondotik, aurtengo Eusko Label Liga eta Euskotren Liga aurkeztu zituzten ikus-entzunezko baten bitartez.


Ekainaren 24an emango diote hasiera Eusko Label Ligari, IX. Bilboko Banderarekin. Portugaleten emango diote amaiera denboraldiari, eta 19 izango dira jokatuko dituzten estropada puntuagarriak. Denboraldiaren lehenbiziko zatia abuztuaren lehenengo asteburuan jokatuko den Espaniako Txapelketa baino lehen izango da, eta hamaika jardunaldi izango ditu: Sestao, Zierbena, A Coruña -jardunaldi bikoitza-, Donostia, Castro Urdiales, Pasaia, Orio, Getxo y Santurtzi. Denboraldiaren bigarren zatia Ondarroan, Hondarribian, Zarautzen -jardunaldi bikoitza-, Moañan eta Boiron (Galizia) jokatuko dira.  Bermeon eta Portugaleten jokatuko dute ondoren zortzi traineru onenak, irailaren hirugarren asteburuan izango den estropadan.  2016an bosgarren postua lortu ondoren, hirugarren sailkatzea lortu zuten iaz oriotarrek. Uztailaren 22an herrian bertan jokatuko dute Orio Kanpineko VI. Bandera. 


Euskotren Ligari, aldiz, astebete beranduago emango diote hasiera Portugaleten eta Sestaon jokatuko den estropadan. Hainbat berrikuntza zehaztu zituen asteburuan denboraldia hasi aurretik azkenekoz batu zen TKEren biltzarrak. Erabaki administratiboak eta ekonomikoak hartu ondoren, Euskotren Ligaren inguruko araudian neurriak hartu zituzten. Esate baterako, zortzi estropada jokatzetik 14 jokatzera igaroko dira emakumezkoak aurten. Bestetik, Zarautzen amaituko den ligan sailkatutako lehenengo hiru taldeek hurrengo denboraldirako postua ziurtatuta izango dute, eta liga laugarren postuan amaitu duen taldeak playoff-a jokatu beharko du irailean. Berdintasunera bidean, erabaki horiek guztiak garrantzizkotzat jo ditu TKEren batzarrak, eta «aurrerapauso bat» badirela uste du: Berdintasuna da gure helburu nagusienetariko bat. 


Alabaina, KAE1  ligan parte hartuko duten ontziak izango dira uretaratzen lehenengoak. Asteburu honetan hasiko dute denboraldia KAE1ekoek Portugaleten jokatuko duten jardunaldi bikoitzean; eta abuztuaren 19ra bitarte, 15 jardunaldi jokatuko dituzte.


KAE2 liga, aldiz, egun bat beranduago abiatuko dute Portugaleten bertan, eta abuztuaren 15era bitarte jokatuko dituzte estropadak. Kategoria honetan Orio lehiatuko da, eta uztailaren 21ean izango du jardunaldia herrian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!