Uztailaren 2an sartuko da indarrean aparkamendu-sistema berria

Karkara 2018ko eka. 19a, 14:53

Aparkamendua erregulatzeko kartoizko erlojuen eskaria handia izan da eta Udalak erabaki du erlojuen banaketa ondo egiteko denbora gehiago behar dela. Horregatik atzeratu da sistema berria indarrean jartzeko eguna.

Udalak atzeratu egin du erdiguneko aparkamendu-sistema berria aplikatzen hasteko eguna: hasieran batean ekainaren 11n aplikatzekoa zen; baina, azkenean, uztailaren 2an izango da. Aparkamendua erregulatzeko kartoizko erlojuen eskaria handia izan da eta Udalak erabaki du erlojuen banaketa ondo egiteko denbora gehiago behar dela. Horregatik atzeratu da sistema berria indarrean jartzeko eguna.

Kartoizko erlojua erabiltzea nahitaezkoa izango da

Erdiguneko aparkamendua kartoizko erloju baten bidez erregulatuko da aurrerantzean. Auto bakoitzak kartoizko erloju horietako bat eramango du, bistan jarrita, eta auto-gidariak bertan markatuko du zein ordutan aparkatu duen. Markatutako ordutik aurrera ordubete utzi ahal izango da autoa aparkalekuan (sistema zaharrarekin 30 minutu ziren).

Uztailaren 2tik aurrera nahitaezkoa izango da erlojua erabiltzea, erdigunean aparkatzeko. Kartoizko erlojua Orioko taberna, denda edo establezimenduetan eskuratu daiteke, doan. Identifikatutako establezimenduetan eskatu besterik ez da egin behar. Udaletxean eta udaltzaingoan ere eskuratu daitezke.

Herriko establezimendu gehienek dagoeneko badauzkate erlojuak banatzeko; baina ez dauzkatenek SIADECOra deitu besterik ez dute, eskatzeko (943 310 034).

Ordutegia

Erdiguneko aparkaleku mugatu horiek, orain arte bezala, ohiko aparkaleku gisa erabili ahal izango dira ordutegi komertzialetik kanpo.

Ordutegi komertzialeko orduak hauek dira: astelehenetik ostiralera, goizez 8:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara; larunbatetan, goizez bakarrik, 8:00etatik 13:00etara. Dagoeneko jarri ditu Udalak horren berri ematen duten seinaleak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!