Amaia Gutierrez Esnal: "Igandeko saioan pop-rock musika eskainiko dugu"

Karkara 2018ko eka. 21a, 15:25
Amaia Gutierrez biolin-jotzailea. (Aiora LarraƱaga)

Et Incarnatus orkestrak eta hainbat bakarlarik ‘Euskal Pop-Rock Izarrak’ saioa eskainiko dute igandean, Vitoria Eugenia Antzokian. Amaia Gutierrez (Orio, 1975) biolin-jotzaile oriotarra ere bertan izango da.

Et Incarnatus orkestrako kidea zara. Zer berezitasun du zuen orkestrak?
Sokazko musika-tresnez osatutako orkestra bat gara, baina askotan beste hainbat musikarirekin kolaborazioak ere egiten ditugu. Horrez gain, musikari dagokionean estilo desberdinetako musika jotzen dugu; musika klasikotik hasi eta gaur egungo edozein musika estilora arte. Euskal kantariekin elkarlan mordoa egin ditugu, eta zinemako musika ere grabatu izan dugu pelikularen baterako. Igandean Vitoria Eugenia Antzokian eskainiko dugun saioan esaterako, pop-rock musika joko dugu. Musika estilo desberdinak aurkezten saiatzen gara, orkestrako musika publikoarengana iritsi dadin.

Beraz, ibilbide luzea du Et Incarnatus orkestrak?
1995-96 urte bitartean sortu zen orkestra, eta musikari gaztez osatutako orkestra da. Tolosako zuzendari Miguel Zeberiok eta beste hainbat musikarik orkestra desberdin bat sortu nahi zuten, eta helburu horrekin egin zituen lehen urratsak. Miguel Zeberiok oraindik zuzendari lanetan jarraitzen du, eta Benito Lertxundiren taldeko kide Juantxo Zeberiok ere bertan parte hartzen du. Ni beranduxeago sartu nintzen, duela hamar urte inguru.

Musikari profesionalak al zarete denak?
Denok musikako karrera egina dugu, eta era batera edo bestera musika dugu ogibide; batzuk irakasleak gara eta beste batzuk talde desberdinetan jotzen dute.

Igandeko saioan euskal kantari ezagunekin igoko zarete Vitoria Eugeniako oholtza gainera. Zer moduzko esperientzia izan da musikari horiekin lan egitea?
Gorka Sarriegi, Nahia Zubeldia, Petti, Nahia Robles, Alex Sardui, Niko Etxart eta sekretuan gorde dugun beste musikari batekin emango dugu kontzertua. Saio antzekoa Hondarribian eskaini genuen iaz, eta duela gutxi Iparraldeko Urdiñarbe herrian izan ginen. Oso harrera ona izan du entzunaldiak, eta Vitoria Eugenian kontzertua emateko proposamena jaso genuen. Behin baino gehiagotan jo izan dugu bertan, baina beti gonbidatu bezala. Igandekoa bertan gure proiektua aurkeztuko dugun lehen aldia izango da.

Musikari ezagunekin kolaboratzeak entzuleak erakartzen al ditu?
Bai, kantari hauek ezagunak dira eta horrek jendea erakartzen du. Horrez gain, kantariek aipatu digute beraientzat oso aberasgarria dela orkestra batekin jotzea, ez baitaude ohituta horrelako musika oinarri izatera. Orkestra batek ematen duen musikalitatea oso ederra da, eta hori lortzeko abestiak moldatzen lan handia egin da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!