KARKARAK, 30 URTE

Kritika: Asier Gozategiren esentzia, agerian

Ainara Lasa 2018ko eka. 24a, 20:00

Ainara Lasak Gozategiren elkarrizketa musikatuaren kritika egin du.

Kazetaritzan bada premisa bat zein, zoritxarrez, gaurko bat-batekotasun premiaren ondorioz, gutxitan betetzen den. Elkarrizketatuari ondo entzutea eta bere burua lasai azaltzen uztea, inolako oztoporik gabe, askotan gogaikarriak diren kazetariaren mozketak irentsi gabe.

KARKARAren apirileko zenbakian Asier Gozategiren elkarrizketa plazaratu genuen, lau orritan. Egileari, Iñigo Gaiton kazetariari, ordea, motz geratu zitzaion artikulua. Grabazioaren laurdena jaso ahal izan zuen aldizkarian. Dikotomia zen, azaleratu gabeko edukia lurperaturik uztea, edo herritarrei Asier Gozategiren barrena biluzten zuten adierazpenak nolabait transmititzea.

Gozategik eta Gaitonek, parez pare, erabaki zuten zuzeneko elkarrizketa bat egitea, modu musikatuan. KARKARAk antolatu zuen ekitaldia, orainkariaren nahia baita, 30 urte betetzear dagoenean -2019an du urteurrena KARKARAk- Aian zein Orion kultur eragile aktibo bilakatzea.

Orioko kultur etxeko areto nagusia leporaino bete zen ostiralean. 80 bat pertsonek Iñigo Gaiton eta musikari oriotarraren arteko solasaldiaz gozatu zuten. Elkarrizketatzailearen eta elkarrizketatuaren arteko konplizitatea nabaria izan zen.

Sinbiosi horri esker, Gozategik aise eta modu intimoan kontatu zien herritarrei abestien sorkuntza prozesua. Taldearen azken hamarkadetako musika ibilbidea errepasatu zuen musikariak, publikoa farre algaraz ipini zituen bitxikeria eta pasarte mordoxka kontatuz.

Trikitia eskuan, zuzenean bost abesti eskaini zituen Asier Gozategik. Etxean zen Asier, inoiz huts egin ez dion plazan.

Azken diskoaren promozioan bete betean murgilduta egon arren, geldiune bat egin, eta KARKARA kultur eragile bihurtzeko erronka honen hasieran, bidelagun eskaini zaigu Asier. Ezbairik gabe, bere apaltasunak eta naturaltasunak handi egiten dute musikari oriotarra.

Bart gauen, familia giroan, aiarrei eta oriotarrei urte hauetan guztietan emandako babesa eskertzeko, emanaldi berezi eta gogoangarria eskaini zuen. Esan ohi den bezala, etxean bezala, inon ez: badakik, KARKARAko ateak zabalik dituala… datorren solasaldira arte, Asier!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!