Adineko oriotarren zaintza lanbide

IƱigo Gaiton 2018ko eka. 25a, 20:00

Ez da erraza elkarrizketatu ditugun etorkinen egoera azaltzea; jaioterria atzean laga ostean, baldintza gogorretan egiten dute lan hemen, baina beren adierazpenetan, berehala antzeman daiteke gauzak ondo eta errespetuz egiteko duten gogoa. Gertutik ezagutu dugu etorkizun hobearen bila Oriora etorri diren lagunen bizimodua.

Elkarrizketatuen jarrera atseginak eta hizkera alaiak, pertzepzio okerra eman dakioke hemen jaiotako irakurleari. Orion ondo bizi direla esan digute lau lagunek, gustura. Jatorrizko herrialdeetan etorkizun beltza aurreikusten zutelako etorri ziren hona, familiako kideak, betiko adiskideak eta umetako ametsak han lagata. Hala ere, haustura afektibo horrek eta dituzten lan baldintza gogorrek ez die zapuztu etorkizuna ilusioz eraikitzen jarraitzeko kemena.

Guztiek adinean gora doazen pertsonak zaintzen egiten dute lan. Bik, Oscarrek eta Marinak, badakite zer den etxeko barne zaintzaile izatea: egunean 22 orduz, astelehenetik ostiralera, zainduaren beharrez arduratzea, 800 edo 900 euro inguruko soldataren truke (kasu batzuetan, kontraturik gabe). Dena den, batek aitortu digun bezala, bada 22 orduko lan eguna baino latzagorik dirua behar duenarentzat: lanik ez izatea.

Hemengo gizartearen bizi itxaropena haztearekin batera, edadeko pertsonak zaintzetik bizi den etorkin kopurua nabarmen igo da gurean. Euskal Herriko etxeetan, 10.000 barne zaintzaile baino gehiagok egiten dute lan gaur egun.  Silvia Carrizok martxoan Gipuzkoako Hitzari adierazitakoaren arabera, langileon lan baldintzak onartezinak dira bere burua ongizate estatu gisa definitzen duen herrialde batean. Zumaian emakume etorkinei harrera egiteko xedearekin zabaldu zuten Malen Etxearen sortzaileetako bat da argentinarra.

Oscar

Euskarazko hitz eta esamoldeak ikasteko ahalegin handia egiten du Oscarrek, edadeko pertsonekin elkar hobeto ulertzeko. Bere hitzetan, lan gogorra da etxeko zaintzailearena, tartean, besteak beste, emozioak daudelako. Nahi gabe, denborarekin, zaindua maitatzen duzu, eta bere ezina norberak ere sufritzen du. Lan egin duen etxeetako familiek, orokorrean, ondo tratatu dutela dio. Baloratua gehiagotan sentitu naiz, baztertua baino, nabarmendu du.

1965an jaio zen Oscar Hernan, Kolonbiako Buga hirian. Sei urteren ostean, aurtengo neguan bi hilabete pasa ditu jaioterrian, eta kosta egin zaio Oriora itzultzea, hemen ondo integratua sentitzen den arren; bost anai-arreba eta ama laga zituen han. Haurtzaro zoriontsua izan zuen kolonbiarrak, eta familia xumekoa izan arren, ez zitzaion ezer falta izan. Beno, bai, unibertsitateko ikasketak ordaintzeko dirua, dio. Adimena soberan zuten etxean.

Oscarrek erizain laguntzaile ikasketak egin zituen gaztetan. Opor garaian, kotoia biltzen eta igeltsero lanetan irabazten zituen sosak. Urte luzez paper fabrika bateko langilea izan ostean, langabezian geratu eta hona etortzeko apustua egin zuen: Bizitzan erabakiak hartu behar dira. Arriskatu gabe, ez dago irabazterik. Etorkin askok bezala, hemengo jendeak nahi ez dituen lanpostuak baliatuz bizitzan aurrera egiteko aukera ikusi zuela dio.

Kolonbiarrak gustuko du zaintzaile lana, asko ematen dio bueltan: Apenas hitzik egiten ez zuen adineko gizon batek, lagun ona nintzela aitortu zidan behin. Bere hitzetan, pertsona duintzen duen lana da gurea. Hala ere, gogorra dela aitortu du, soldata duin samarra izatera iristeko ordu asko ematen dituztelako lanean. Etorkizunean, ospitalean lan egitea gustatuko litzaioke, baina ez du horretan gehiegi pentsatzen: Bizitzak buelta asko ematen ditu, hori ikasi dut urtez urte. Oraina bete-betean bizitzen saiatzen naiz, etorkizunean gehiegi pentsatu gabe sufrimendu asko aurrezten delako.

Jorge Duque topatu dugu kalean lanean. 71 urterekin, edadeko pertsonak zaintzen jarraitzen du, orduka. Oscarren osaba da, eta berak eman zion ilobari Oriora etortzeko ideia, berarentzat, herria paradisu txikia delako. Jorgek bederatzi anai-arreba zituen, eta zorionez  balore onak jaso zituzten txikitan gurasoengandik. Bere hitzetan, balore horiek makulu hartuta egin du lekua Orion; besteak beste, oraintxe jaso berri du Esperientzia eskolako diploma. Oso gustura joaten naiz ikastera, asko gozatzen dut, dio. Lauzpabost hitz egin ostean, Oscar Jorgerekin laga eta biak agurtu ditugu.

Marina

Ekaina hasierako bero hezeak, jaioterria dakarkio gogora Marinari (asmatutako izena). Benetako datuak ez argitaratzeko eskatu du, oraindik legezko dokumenturik ez duelako. Bereak dira argazkiko eskuak.
Etorkin batek hiru urte pasa behar izaten ditu hemen egoera ilegalean, paperak erregulatzeko prozesu burokratikoa martxan jarri aurretik. Marina 2015eko azaroan iritsi zen Euskal Herrira, eta gaurdaino, ziurgabetasun handiarekin pasa ditu egun asko. Bizitza aurrera ateratzeko helburuarekin lanera etorri denarentzat, ahalegin ikaragarria eginda, gogorra da egoera ilegalean bizitzea. Pentsamendu negatibo asko etortzen zaizkizu burura, azaldu du.

Lanean pilatutako estresa arintzeko korrika zebilen batean, ertzainek gelditu eta Zarauzko polizia-etxera eraman zuten: Ondo tratatu ninduten, baina oso urduri jarri nintzen. Ezin nituen azalpenak nahi bezala eman, eskuak etengabe izerditzen zitzaizkidan. Ahizpa etorri eta hark atera ninduen, bere gain nengoela argudiatuz.

Marina Nikaragua barnealdeko herrixka txiki batean jaio zen. Han, Lehen hezkuntzako irakaslea izan zen hamalau urtez: Nekazaritza giroan bizi izan naiz betidanik, inguru nahikoa txiroan. Pentsa, ur garbia baldeekin garraiatzen genuen, buru gainean hartuta. Seme-alabak hiriburuko medikuarengana eramateko, goizaldeko ordu-bietan jaikitzen ginen, eta iluntzean itzuli. Bizpahiru ordu egin behar izaten genituen oinez edo zaldiz, gero autobusa hartzeko. Ez nuen hura nahi berentzat.

38 urterekin hona etortzea erabaki zuen, dirua aurreztu eta seme-alabei etorkizun hobea eskaintzeko esperantzarekin. Bidaian zehar bihotza txikituta ekarri zuen. Hegazkinez bidaiatu nuen lehen aldia izan zen. Tontotuta etorri nintzen, burua joanda, pena eta min izugarriarekin, seme-alabak eta senarra han utzita. Orduan, ez zekien noiz suertatuko zitzaion berriz familiarekin elkartzeko aukera. Seme-alabekiko eta senarrarekiko banaketak, eta hemen topatuko zuen panoramaren inguruko ezjakintasunak, barrena jan zion hegazkineko bidaian zehar. Hemen bi urtez dirua aurrezten egon ostean, hiruren hegazkin txartelak ordaindu zituen. Ondoan ditu orain.

Etorri zenetik, Marina barne zaintzaile gisa aritu da lanean. Aurreneko bi urteak baserri batean eman zituen, bertako amona zaintzeaz gain askotariko nekazaritza lanak egiten. Orain, Orioko pisu batean egiten du lan, eta astelehenetik ostiralera, egunean hogeita bi ordu ematen ditu zainduaren zerbitzura. Asteburuetan, senarrari laguntzen diot bere lanean, gehitu du. Libre dituen ordu kondarrak, seme-alabei eta etxeko lanei eskaintzen dizkie. Senarrak eta biak esfortzu ikaragarria egiten dute zertxobait aurrezteko, hilean 100 euro-edo, bere hitzetan. Diru pixka bat pilatutakoan, Nikaraguara itzultzea gustatuko litzaioke, negozio txikiren bat ireki eta diru-premiak ito gabe bizitzen saiatzeko.

Hemen ondo hartua sentitzen da Marina, baina kezka sortzen dio seme-alaben integrazioak: Eskola eta kirol jardueretan ibiltzen dira hemengo gaztetxoekin, baina kalean zailagoa da. Zer pentsatua ematen dit. Zer egin dezakegu helduok horren aurrean? Nola egin diezaiokegu aurre errealitate horri? Galdera horiei erantzunak bilatzeaz gain, etorkizunean arrazismoaren aurka lan egiteko aukera izatea gustatuko litzaioke Marinari. Oraingoz, lanak ez dio horretarako tarte handiegirik uzten.

Claudia

Claudia Sarai hondurastarrak, Marinak bezala, alaba txikia laga zuen jaioterrian hona etorri zenean. Izebaren ardurapean geratu zen neska kozkorra. Krisiaren ondorioz hemengo egoera zaila zela jakin arren, 2010ean saiakera egitea erabaki zuen: Dirua irabazteko premiak ekarri ninduen hona.

Nerabezaroan pasa zitzaion burutik lehen aldiz, agian, egunen batean, jaioterria utzi beharko zuela. Ordura arte Hondurasen kokatzen zituen etorkizuneko planak. Oinarrizko heziketa egiteko arazorik ez zuen izan, baina unibertsitaterako sarbidean, zailtasunak sortu zitzaizkion: Publikoa izan arren, garestia da fakultatean ikastea. Han ez dira existitzen bekak eta halako laguntzak. Hona etorri zenetik, zaintzaile lanetan aritu da batik bat. Herrialde berri batera iristean, edozertan lan egiteko borondatea (edo premia) izan ohi da, argitu du. Egin ahala ikasi zuen ofizio berria.

Claudiak bere eskubideak aldarrikatu izan ditu lanean: Nire lagunek erotuta nagoela esaten didate, lanean baldintza minimoak exijitzen ditudalako. Langile bezala errespeta nazaten saiatzen naiz, ez besterik! Ziurtasunez mintzo da hondurastarra. Ezagutzen ditut eguna kexatzen eta aieneka pasatzen duten etorkinak. Nik ere ikaragarri botatzen dut faltan jaioterria, baina ozen aldarrikatzen dut hemen bizitza berria eraikitzeko eskubidea. Alaba eta senarrarekin bizi da gaur egun, ondoan ditu Orion.

Etorkizunean, hemen ikusten du bere burua: Alabak primeran egiten du euskaraz. Hamar urte ditu. Ni, berriz, hondurastarra sentitzen naiz, baina hau da nire errealitatea. Inguruan joera arrazistak sumatu izan dituela aitortu du Claudiak. Erantzun argia du etorkinak lana kentzera etortzen direla diotenentzat: Etorri nirekin lanera egun oso batez. Nahi duenari lagako diot nire lanpostua, ezetz inork beretzat hartu! Guk, hemengo jendeak nahi ez dituen lanak egiten ditugu.

Prekarietatea nabarmena da zaintzaile gehienen kasuan: Kontratuak astean 40 ordukoak izan ohi dira, eta etxeetako barne zaintzaileek, egunean 22 ordu ematen dituzte lanean. Bere hitzetan, kontratuek ez dituzte jasotzen langileen ordu guztiak.  Oscarrek bezala, Claudiak aitortzen du zaila dela zainduaren ezinarekin ez sufritzea: Zaindu nituen lehen bi pertsonak hil egin ziren, eta oso gaizki pasa nuen. Pertsonari estimu handia hartzen diozu.

Unibertsitaterako sarbidea prestatzen ari da gaur egun hondurastarra, eta enpresa zientzien ikasketak egiteko asmoa du. Oscarrek bezala, bere jaioterrian ezin izan zuen matrikula ordaindu, eta orain, ikasketei berriz ekiteko aukera suertatu zaio; berriro, apustua egingo du, iraganean itxitako ateak irekitzen saiatzen jarraitzeko.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!