David Uzkudun: "Hegaztien inguruko ezagutza galtzen ari da"

Karkara 2018ko eka. 26a, 18:00
Carlos Barba eta David Uzkudun. (Aiora LarraƱaga)

Hilaren amaieran utziko dio David Uzkudunek hondartzako hegaztiak zaintzeari, eta uztailetik aurrera Carlos Barbak hartuko du haren erreleboa

Hamabi urtez Orioko hondartzako hegaztien gunea zaindu du David Uzkudunek, eta 75 urterekin uzteko garaia iritsi dela erabaki du. Erretiroa hartu berritan hasi zen aiarra hegaztien eremua zaintzen. "Garai horretan Pako Barjakobak zaintzen zuen hegaztien gunea, laurogei urtetik gora zituen gizonak, eta zenbait lan egitea kosta egiten zitzaion. Egun batean igerilekua garbitzen lagunduko ote nion galdetu zidan. Baietz esan nion, eta ordutik igerilekua garbitu behar zuen bakoitzean puntual hots egiten zidan", azaldu du Uzkudunek. Horrela pixkana Barjakobaren erreleboa hartu zuen aiarrak. "Ramon Etxeberria orduko alkateak egin zidan proposamena; hasieran ez nengoen konbentzituta, baina hegaztiak asko gustatzen zaizkit, eta onartzea erabaki nuen".

Ordutik egunero-egunero joan da Uzkudun hondartza aldera hegaztiak zaintzera. "Lana oso lotua da, egunero etorri behar baita hegaztiei jaten ematera eta eremua txukuntzera; horrez gain, hilean behin igerilekua garbitu behar izaten da". Udalak ordain-sari txiki bat eman ohi du, baina boluntario lana da nagusiki. 

Hilaren amaieran utziko dio Uzkudunek hegaztiak zaintzeari, eta uztailetik aurrera Carlos Barbak hartuko du haren erreleboa. "Otsailean ahateen gunea zaindu nahi ote nuen galdetu zidan Uzkudunek. Erretiratuta nago eta denbora libre asko dudanez, lan polita izan zitekeela pentsatu nuen. Igeltsero lanetan ordu piloa sartu izan ditut urtetan, eta hegaztiak zaintzea niretzat ez da lana, entretenimendua da", adierazi du Carlos Barbak. Azken astetan elkarrekin lanean aritu dira, eta aurrerantzean ere harremanetan jarraitzeko asmoa dute. "Gure artean hitz egin dugu, eta egunen batean laguntza behar badut, oporretara joan behar badut edo gaixo jartzen banaiz Uzkudun etorriko zait laguntzera", nabarmendu du Barbak.

Herritarren eta bisitarien artean arrakasta
Orioko hondartzara hurbiltzen direnen artean ezaguna da hegaztien gunea, eta batez ere haurrek atsegin dutela uste dute arduradunek. "Ogia eta barazkiak botatzen dizkiete askok, eta hori eskertzen dugu, hegaztientzat ona baita". Egun, ehun hegaztitik gora daude eremuan, eta pixkanaka kopurua handitzea da asmoa. "Lau ahate mota ditugu, kanpoko eta bertako oiloak, txitak eta beste hainbat hegazti".

Hegaztiek herritarren eta bisitarien artean arrakasta badute ere, oro har jendeak hegaztien munduaz gutxi dakiela uste du Uzkudunek. "Ni baserrian bizi izan nintzen ezkondu nintzen arte, eta garai horretan baserritarrok ederki ezagutzen genuen animalien eta hegaztien mundua. Ezagutza hori galtzen ari da, gaur egungo haurrek eta gazteek beste gauza batzuk atsegin baitituzte".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!