Lierni Iriziar: "Gizartea kapitalismoan eta teknozientzian dago antolatua"

Ainara Lasa 2018ko eka. 26a, 16:22
Lierni Irizar idazlea eta psikoanalista, bere liburu berria eskuetan duela, KARKARAko erredakzio kanpoan.

Hizkuntza, sufrimendua, gaixotasuna, heriotza eta bizitzako beste hainbat arloren banalizatzea du hizpide Lierni Irizarrek argitaratu berri duen azken liburuan. Psikoanalista ogibidez, gizakiaz eta gaur egungo gizartearen eraldaketaz hitz egiten du, besteak beste, bere hirugarren lanean.

Orain dela 17 urtetatik bizi da Orion. Gustuko du herria, kostatik gertu bizitzeak eta herriko giroak erakartzen du gehien Lierni Irizar psikoanalista eta idazlea. Joan den maiatzean argitaratu zuen bere hirugarren liburua: Banalizaciones contemporáneas: lenguaje, sufrimiento, enfermedad y muerte. Dagoeneko salgai da liburu-dendetan.

Norbanakook bizitzan zehar izaten ditugun gatazkak eta kezkak aztertzen dituzu zure azken lanean.
Nire hiru liburuetan kezka berbera agertzen dut: gaur egun nola ulertzen dugun gizakia, zer den guretzat garrantzitsuena, eta nola artatzen ditugun gizakiaren sufrimenduak, zailtasunak, kezkak, e.a.Gai hori ikuspegi desberdinetatik hausnartu nahi izan dut. Liburu honetan, hain justu ere, gizarte honetan ematen diren banalizazioen artean, lau aukeratu ditut: hizkuntza, sufrimendua, gaixotasuna eta heriotza; horiek guztiak funtsezkoak dira gizakiarentzat, baina gaur egun balioa galdu dute.

Zergatik galdu dute balioa zure ustez?
Uste dut gaurko gizartea bi diskurtso nagusitan antolatzen dela: kapitalismoaren eta tekno-zientziaren bueltan, hain zuzen. Bi diskurtso horien artean aliantza moduko bat sortu da, eta gizakia zein gizartea inguratzen dituzten gauza guztiak bi paradigma horiek oinarri hartuta neurtzen ditugu. Gaur egungo gizakia neurtzen da modu desberdinetan: erredukzionismo biologikoan (edozeren zergatia azaltzeko faktore biologikoa hartzen da aintzat -esaterako, triste bagaude serotonina gutxi dugula argudiatzen da soilik); modu kuantitatiboan, hau da, dena neurtu beharra daukagu; eta hezkuntzaren paradigmaren baitan, hots, uste dugu gizakiaren zailtasunak eta gatazkak hezkuntzaren ikuspegitik soilik aldatu ditzakegula. Horrek guztiak, finean, erredukzionismo batera eramaten gaitu, gizakia bere osotasunean ulertzeko garaian.

Hizkuntzaren banalizazioa edo ezerestea ere aztertzen duzu liburuan.
Bai. Hizkuntzako animaliak gara, eta gure bizimodu guztia hitzez beteta dago; munduan sartzen gara hitzen bitartez. Horregatik analizatzen dut lan honetan hizkuntzaren ezerestea. Gizakiarentzat funtsezko faktore dena, komunikazio tresna modura bakarrik ulertzen dugu. Eta hizkuntza, hori baino askoz gehiago da; gure gorputzean hitzek eta hizkuntzak eragin zuzena dute, jaso eta jasotzen ez ditugun hitzek moldatzen dute gure gorputza. Hizkuntzak, hitzek... gure subjektibitatea eratzen dute.

Psikoanalistentzat, gizakia, izaki hiztunaz gain, zer da?
Psikoanalisian gizakia definitzen dugu izaki hiztuna, sexuatua eta mortala bezala. Hizlaria, hizkuntza delako gure muina; sexua ere gure parte inportantea da; eta mortala, kontziente garelako mortalak garela, eta horrek gure bizitza baldintzatzen du nolabait. Gure bizitzan ondorioak ditu.

Filosofia eta psikologia uztartzen dituzu liburuan, ezta?
Bai, hain zuzen ere nire helburua da banalizazioa hausnartzea ikuspegi filosofiko batetik abiatuz. Hannah Arendt hartzen dut erreferentziatzat. XX.mendeko filosofo horrek, New Yorkera emigratu zuen gerra garaian eta berriemaile modura Israelera bidaiatu zuen Adolf Eichmann naziaren epaiketaren berri ematera. Arendtek epaiketan antzeman zuen Eichmann nazia ez zela tipo gaiztoa; gizon burokrata zen, besterik ez. Bere lana modu automatizatu batean egiten zuen, oso ongi betetzen zuen. Hori da gaiztakeriaren edo maltzurkeriaren banalizazioa: norbaitek gauza lazgarriak egin ditzake, soilik agindu batzuk betetzeagatik, eta bere lana ongi burutzeagatik, ondorioetan pentsatu gabe. Hori da burokrata izatea.
Arendtek banalitate horren ezaugarri batzuk planteatu zituen kasu hori aztertuz: gizakiaren azalkeria, pentsatzeko ezintasuna; gizartean ematen diren errutina eta protokoloen eragina; hitzaren aurrean babesa, eta ardura pertsonalei uko egitea. Horiek guztiak hartu eta liburuan aipatzen ditudan banalizazioetara eraman ditut, hots, hizkuntzara, sufrimendura, gaixotasunera eta heriotzara.

Nola ikusten dituzu heriotza eta sufrimendua gure gizartean?
Gaur egun gizarteak indibidualizaziora garamatza; uko egiten diogu sufrimenduaren eta heriotzaren aurrean erantzunak bilatzeari.

Zein da liburu honen asmo printzipala?
Nire liburuak, funtsean psikoanalisian oinarrituta egon arren, hainbat arlo ukitzen dituzte, hala nola, filosofia eta literatura. Hari moduko bat egiten dut beste diskurtso batzuetara iristeko. Nire desioa da konbertsazio bat irekitzea, gai sozialak eta bestelakoak uztartuz, esaterako, gazteria, osasuna... Esparru diferenteak aztertzen ditut; gaur egun, bakoitza bere esparruan murgilduta bizi da eta ez dago diziplinen arteko interakziorik. Ez dugu elkarrekin hitz egiten. Nire liburuak esparruen arteko konbertsazioa eta lotura bilatu nahi ditu, irakurleak, nolabait, pentsaera eta ikuspegia zabaldu ditzan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!