Arrantzaleak haserre agertu dira Udalak Kofradiaren inguruan duen jarrerarekin

Karkara 2018ko eka. 27a, 13:29
Orioko Arrantzaleen Kofradiaren eraikina

Astearteko udalbatzarrean, eskari eta galderen atalean Orioko Arrantzaleen Kofradiako ordezkari Xanti Peirok hartu zuen hitza. "Mesedez, hurrengo udalbatzarrean arazoari irtenbidea emateko eskatzen dizuegu herriko arrantzaleok".

Astearte arratsaldean ohiko udalbatzarra egin zuten Orioko udaletxeko areto nagusian, eta Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzeko irizpide orokorrek eta kofradia zaharraren auziak zeresana eman zuten batzarrean.

EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzeko helburuak eta irizpide orokorrak onartu ziren. Orain udal taldeak ezezkoa bozkatu zuen, "kofradia zaharraren egoera larria" ikusita gaia modu berezituan lantzea ezinbestekoa dela uste dutelako. "Gure ustez ezinbestekoa da kofradiarekin hitzarmen berri bat sinatzea. Denbora pasa da proposamena aurkeztu zenetik, eta oraindik ez da aurrera pausurik eman ildo horretan. Horregatik, ezezkoa bozkatu dugu. Gure iritziz gaia modu azkarragoan landu beharko litzateke, eraikina egoera oso larrian dagoelako. Horregatik, plan orokorrarekin batera landu beharrean, aldaketa bidez jorratu beharko litzatekeela uste dugu", azaldu zuen Joxe Angel Iparragirre Orain udal taldeko bozeramaileak.

EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek nabarmendu zuen "arduraz jokatu" dutela, eta horregatik bozkatu zutela baietz. "Dokumentu honek berebiziko garrantzia du Orioko etorkizunarentzat, eta berandu bada ere gure onarpena eman diogu". Horrez gain, adierazi zuen "irizpide horiek oinarri hartuta arlo desberdinetako egitasmoak" zehaztu behar direla. "Motondo, frontoi berriaren kokapena, mugikortasuna eta beste hainbat proposamen daude mahai gainean. Asko dago egiteko eta ezer gutxi aurreratu dugu". Bestalde, kofradiaren auziari dagokionean beranduenez uztailerako irtenbide bat emateko eskatu zuen EH Bilduk. "Martxoaren 3an jaso zuen Udalak Orioko Arrantzaleen Kofradiaren hitzarmen proposamena, eta hiru hilabete eta erdi pasa dira kofradiarekin bilera bat egin ahal izateko". Horregatik, prozesua arintzeko eskatu zuen Iribarrek.

PSE-EEko ordezkari Ana Priederen esanetan, asteartean onartu ziren plan orokorraren irizpideak duela urtebete ahoz batez batzordean onartu zituzten, eta "ez da ulergarria urtebete beranduago udalbatzarrera ekartzea". Bestalde, kofradiaren gaiari lehenbailehen irtenbidea ematea urgentziazkoa dela nabarmendu zuen Priedek.

Joxe Angel Zaldua alkatea ez zen ados agertu, eta nabarmendu zuen azken hilabetean hainbat irizpide gehitu direla dokumentura.

Arrantzaleek hartu zuten hitza
Eskari eta galderen atalean, Kofradiako ordezkari Xanti Peirok hartu zuen hitza, eta arrantzaleen haserrea agertu zuen udalbatzarrean. "Arrantzaleok nazka-nazka eginda gaude Udala kofradiako eraikinaren gaiaren inguruan izaten ari den jarrerarekin. Eraikina egoera horretan egotea ez da gure akatsa, Udalaren errua da, lehen egon direnena eta orain daudenena. Udalak kofradia atzean saneamendu lanak egin zituenean eraikina mugitzen hasi zen; kofradiaren azpian hondarra dago eta ura sartzen da gainera, erortzear dago eraikina. Udalak gertatutakoa ikusi zuenean proposamena egin zion kofradiari; garai horretan kofradia atzetik errepidea atera nahi zuen Udalak, eta horretarako fatxada mantendu eta eraikinaren atzeko zatia botatzea proposatu zigun. Gu poztu egin ginen proposamenarekin, eta beraiek emandako irizpideak jarraituz proiektuak ere egin genuen, diru asko gastatuta. Denborarekin hasiera horretako asmoak aldatu egin dira, eta beste irtenbide batzuk jarri dira mahai gainean. Bidean mila oztopo jarri dizkigute eremu horretan eskumena duten erakundeek. Arrantzaleok beti arazoari irtenbidea emateko borondatea izan dugu, baiezko asko entzun ditugu, baina inork ez du urratsa aurrera eman eta dokumentua sinatu. Pasa den astean udaleko ordezkariekin hitz egin genuen, baina gai zerrendatik kanpo geratu da oraingoan ere gaia. Mesedez, hurrengo udalbatzarrean arazoari irtenbidea emateko eskatzen dizuegu herriko arrantzaleok"

Izan ere, indarrean dagoen kofradiaren fitxa teknikoak zehazten du eraikinak 2.570 metro koadro dituela, eta Orioko Arrantzaleen Kofradiak Udalak hori errekonozitzea nahi du, eta hurrengo urteetan urbanizatuko den Dike eremuan kofradiari dagozkion metro koadroak ematea. Proiektuaren arabera, Dike eremuan ekipamendu publikoak egin behar da, eta proposatzen dute ekipamendu publiko horren zati bat kofradia zaharrean egitea. "Orioko Arrantzaleen Kofradia irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta ez du inolako pelotazorik eman nahi. Are gehiago, Orioko Arrantzaleen Kofradiak herriari laguntzeko ahalegina egin du beti. Oraingoan ere elkartruke horri esker Dike eremuan babestutako etxebizitza gehiago egiteko aukera izango da, eta Udalak ekipamendu publikorako espazio gehiago izango du", azaldu dute kofradiako ordezkariek.

Udalbatzarrean sortu zen eztabaidaren aurrean, gaiari ahal den azkarren irtenbidea emateko lanean jarraituko dutela azaldu zuen Orioko alkate Joxe Angel Zalduak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!