Astearteko udalbatzarrean jorratu zituzten gaiak puntuz puntu

Karkara 2018ko eka. 27a, 15:37
Udalbatzarreko argazkia. (Artxiboko argazkia)

Besteak beste, udal kanpineko zuzendari lanpostua eta turismo eta merkataritza teknikari lanpostua betetzeko deialdien oinarriak aldatu zituzten.

Asteartean udalbatzarra izan zen Orioko udaletxeko udalbatzar aretoan, eta hurrengo gaiak jorratu zituzten.

1.-Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarraren akta hauen zirriborroak: 2018ko otsailaren 21eko ezohiko bilkurakoa; eta 2018ko apirilaren 24ko eta 2018ko maiatzaren 29ko ohiko bilkurakoak. Aho batez onartu zen.

2.-Onartzea, egoki bada, Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzeko helburuak eta irizpide orokorrak. Onartu egin zen, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta Orain udal taldearen aurkako botoarekin. irakurri hemen Orioko kofradiaren inguruan sortu zen eztabaida.

Orioko Herri Antolamenduko Plan Orokorraren helburuak eta irizpideak jasotzen dituen txostena gaztelaniaz aurkeztu zuten udalbatzarrean, eta EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek aipatu zuen, gaztelania hutsean dagoen dokumentu bat onartzen duten "azken aldia" izango dela. Orioko alkateak arrazoia eman zion Iribarri, eta aurrerantzean dokumentuak euskaratuta aurkeztu beharko direla nabarmendu zuen.

3.-Onartzea, egoki bada, Udalaren 2018rako lanpostu zerrenda aldatzea. Aho batez onartu zen.

4.-Onartzea, egoki bada, udal kanpineko zuzendariaren plaza jabetzan hornitzeko hautaketa prozesua arautuko duten oinarriak aldatzea. Aho batez onartu zen. 

5.-Onartzea, egoki bada, turismo, merkataritza eta ostalaritza departamenturako maila ertaineko teknikariaren plaza jabetzan hornitzeko hautaketa prozesua arautuko duten oinarriak aldatzea. Aho batez onartu zen.

Turismo batzordeburu Lourdes Salsamendik kanpineko zuzendaria eta turismo, merkataritza eta ostalaritzako teknikaria aukeratzeko deialdiak lehenbailehen egiteko eskatu zuen, "oso garrantzitsua baita herriarentzat". 

6.-Onartzea, egoki bada, Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde-adierazpena.
Aho batez onartu zuten erakunde-adierazpena, eta alkateak hurrengo proposamena egin zien udalbatza osatzen dute zinegotziei: "Pasa den astean Gipuzkoako Foru Aldundian lurraldeko hainbat euskara teknikarirekin bildu ginen Euskaraldiaz hitz egiteko. Bertan ipatu zuten Belarriprest gutxietsita dagoela, eta denek Ahobizi izan nahi dutela. Euskara teknikariek aipatu zuten Belarriprest izatea sustatu beharko genukeela herritarren artean, eta ni neuk Belarriprest izateko aurkeztu nahi dut, Belarriprestek duten garrantzia erakusteko. Bestetik, herriz herri hamaika laguneko taldeak egiten ari dira, baina pentsatu dugu Orion hamalau laguneko taldeak egin ditzakegula, traineruak hamalau lagun eramaten dituelako. Udalbatza hamahiru zinegotzik osatzen dugunez, euskara teknikariarekin batera taldea osatzeko eskatu nahi dizuet".

Gainontzeko udal taldeak ados agertu ziren alkatearen proposamenarekin.

7.-Onartzea, egoki bada, EH Bildu talde politikoak aurkeztutako mozioa, Josu Arruti oriotarrari babesa eta elkartasuna adierazteko. Aho batez onartu zuten.

8.-Eskariak eta galderak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!